Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Gazte musulmanak protagonista, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EITB

Euskal Herriko musulmanen komunitatea gertutik ezagutuko du Xabier Madariaga kazetariak.

0:27
Gazte musulmanak 'Ur Handitan' saioan

Euskal Herrian 50.000 musulman inguru bizi dira, eta urtetik urtera kopurua igotzen ari da. Islamaren jarraitzaileak gero eta gehiago dira gurean, baina ohiko aurreiritziak alde batera utzita, ezagutzen al ditugu? 'Ur Handitan' saioko lantaldea meskitarik meskita ibili da musulmanen komunitatea hobeto ezagutzeko asmoz eta gaurko atalean ikusiko dugu. Haietako asko Euskal Herrian jaiotakoak dira, eta etorkin musulmanen bigarren belaunaldia osatzen dute: islamaren eta mendebaldeko kulturaren artean bizi den belaunaldia. Nolakoak dira Euskal Herriko gazte musulmanak?

Jatorri marokoarreko Nourdine Ouafa 26 urteko lazkaotarra da. Bere familia Rabatetik iritsi zen Goierrira bizimodu hobe baten bila. Nourdinen aita arropa saltzen hasi zen herrietako azoketan, eta Nourdinek familiako negozioarekin jarraitzea erabaki du. Nerabezaroan erlijioari garrantzi handirik eman ez zion arren, orain dela bi urte "benetako musulman" egin zen. Bost aldiz egiten du otoitz egunean, eta Islamak bere bizitza gidatzen duela dio.

Hafsa Fenehara Ouerdi 19 urteko neska azkoitiarra da. Marokoko Oujda herritik etorri zen bere gurasoekin Euskal Herrira. Sei urte zituela iritsi zen Azkoitira, eta ikastolan hasi zen iritsi eta berehala. Oso ikasle fina da, eta gaur egun Zuzenbidea ikasten ari da EHUko Donostiako fakultatean. Orain dela hiru urte hasi zen buruan zapia jartzen, eta horrek bizitza aldatu ziola uste du: "Zapia jartzearekin batera hasi ziren begiradak eta galderak. Baina ni aurreko Hafsa bera naiz. Buruko zapia jartzea oso garrantzitsua da niretzat. Askatasun osoz jarri dut, nire erlijioan eta identitatean sinesten dudalako".

Fadoua El Machour-ek 16 urte ditu eta 8 urterekin iritsi zen Euskal Herrira Marokotik. Bere gurasoak Algeriarekin mugan dagoen Oujda herrikoak dira. Hafsaren herri berekoak. Iritsi eta berehala ikastolan hasi zen Fadoua, eta euskara erraztasunez ikasi zuen. Batxilergoa nota onekin gainditzen ari da, eta unibertsitatean zientzietako karrera bat egin nahi luke. Ikasketei garrantzi handia ematen die. Ez luke nahi bere amak edo amonak bezalako bizitza izaterik. Hala ere, erlijioak garrantzi handia du beretzat. Aita Errenteriako meskitako zuzendaritza batzordeko kidea da, eta bera ere ostiralero joaten da meskitara.

Mohamed Azzouz 23 urteko gazte marokoarra da. Orain dela 13 urte etorri zen Errenteriara bizitzera, eta geroztik bertan bizi da bere gurasoekin batera. Hemengo bizimodua eta ohiturak oso gustuko ditu, baina Islama bere bizitzaren oinarria da. Mohameden ustez, etorkinen seme-alabak diren gazte musulmanek beste era batean bizi dute erlijioa, ez beren gurasoek bezala; batez ere, musulmana ez den inguru batera egokitu behar izan dutelako.

Gazte musulmanekin lotutako testigantza horiek guztiak 'Ur Handitan' saioan ikusi ahal izango dira, gaur, 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.