Ur Handitan
22:00etan
Erretinosi pigmentarioaz, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
EiTB
Gaixotasun hau duten pertsonen egunerokotasuna ezagutuko dugu Aitziber, Uxoa eta Txipiren bitartez.
Erretinosi pigmentarioa izango du ardatz 'Ur Handitan' saioak gaur gauean. Endekapen-gaixotasun arraro eta sendaezina da. Gaitzak erretinari eragiten dio, eta itsu geratzea eragiten du askotan. Gaixotasun nahiko ezezaguna da oraindik ere; horregatik, kaltetuek diotenez, gizarteak askotan ez daki horien aurrean nola jokatu. Erretinosi pigmentarioa duten hiru lagunen egunerokotasuna ezagutuko dugu.
Aitziberrek 43 urte ditu, eta 21 urte zituela diagnostikatu zioten gaixotasuna. Nahiz eta erretinosiaren zeinu txiki batzuk izan, bizitza normala egin du ama izan eta abiadura handian ikusmena galduz joan den arte. Egun, % 0,05 ikusten du, eta ikusten duen hori ez du garbi ikusten: argitasuna eta iluntasuna bereizten ditu, baina ez du besterik ikusten. Kolpean galdu du ikusmena Aitziberrek. Nahiz eta kasik itsu dagoen, ahal duen neurrian eguneroko bizitza normala eta ahalik eta autonomoena egiten saiatzen da. Bi seme-alaba ditu, eta berarentzat gogorrena haien aurpegiak ezin ikustea da.
Uxoak 27 urte ditu, eta, askotan gertatu ohi ez den bezala, berari oso txikitan diagnostikatu zioten erretinosia. Gaixotasuna zama handia izan da bere bizitzako hainbat unetan, baina, ikusmen urritasuna lagun, bere buruari proposatu dion ia guztia lortu du. Umeekin egotea maite zuenez, irakasle ikasketak egin zituen, baita 5 hizkuntza hitz egiten ikasi ere. Hainbat instrumentu jotzeko gai da, Youtuben kanal bat ireki berri du bere gaixotasuna normalizatzeko helburuarekin, eta beretzat garrantzitsuena: aurreiritzi guztien gainetik, ama izatea lortu du. Haurdunaldian ikusmen gehiago gal zezakeela ohartarazi zioten medikuek, baina berak argi zuen ikusmena galdu aurretik bere umearen aurpegia ikusi nahi zuela. Xuhar, 8 hilabeteko umea, bere bizipoza da gaur egun.
Txipi ezizenez ezaguna den Jose Luis Areizaga 62 urteko soraluzetarra da azken protagonista. 35 urte inguru zituela diagnostikatu zioten gaixotasuna. Horren aurretik, despistatua zela esaten zioten, baina, pixkanaka, arazo bat zuela jabetzen hasi zen. Ikusmen urritasunak bi fasetan zatitu dio bizitza Txipiri: gaixotasunaren berri izan aurrekoa, lana eta 'ohiko' bizitza zituenekoa, eta ondorengoa. Erretinosia gorabehera, ez da etxean eta geldi geratzeko gizona Txipi. Transiberianoa egin, eta Brasil, Argentina… toki asko ezagutu ditu, eta, horrez gainera, herriko alkate ere izan da. Gaixotasuna onartuta daukala kontatu digu, eta hala bizi du: bizitza, unean-unean, momentua gozatuz eta, betiere, etorkizunari so.
'Ur Handitan' saioa astearte gauetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.