Ur Handitan
22:00etan
Erorien Haranean izango da "Ur Handitan" saioa gaur gauean
EiTB
Erorien haranetik gorpuak ateratzea eskatu duten hainbat euskal familiaren testigantzak bilduko dituzte.
Ondare Nazionalak Erorien Haranean dauden gorpuak ateratzea baimendu berri du. Mausoleoan Espainiako Gerra Zibileko 30.000 biktimaren gorpuak daude oraindik. Horiek atera, identifikatu, eta etxera itzultzeko eskaria martxan dute euskal familia ugarik. Familia horietako batzuen historia gertuagotik ezagutu dugu 'Ur Handitan' saioan.
Karmele Ugarte eta Ekhiñe Atorrasagasti Lucas Ugarteren senideak dira. Lucasen gorpua Tolosako hilobitik Erorien Haranera eraman zutela jakin zutenean, bertatik ateratzeko eskaria martxan jarri zuten Ondare Nazionalean.
Maite Aristegi eta Jesus Aristegi Jose Larrañagaren senideek familian ezer gutxi entzun zuten osabaren historiari buruz: 18 urte zituela, frankistek errekrutatu, eta Ebroko frontean hil zuten. Aranzadiri esker jakin dute osaba Madrilen dagoela.
Betikone Aretxabaleta eta Alex Aretxabaleta Alejandro Aretxabaletaren ilobak dira. Beti pentsatu izan dute osaba Markinan lurperatuta zegoela. Baina duela gutxi Gogora Institutuak ateratako zerrenda batean agertu da Alejandro Aretxabaletaren izena, eta uste dute Erorien Haranean dagoela.
Mariasun Arrieta eta Julia Arrieta Jose Arrietaren senideak dira, eta familiaren nahia Jose Erorien Haranetik atera eta etxera ekartzea da.
"Ur Handitan"ek bidaia bat proposatu die lau familiei: beraien senideak urte luzez bahituta egon diren leku horretara lantaldearekin bidaiatzea. Bertan, hainbat gauza argitzeko aukera izango dute: sortzen zaizkien sentipenak, mausoleoak pizten dituen amorruak, Franco bertatik ateratzeak zer ekarri dien...
"Ur Handitan: Erorien Haranean" gaur, 22:00etan, egongo da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en.