Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Bakardadearen bi aurpegiak aztertuko dituzte, gaur, "Ur Handitan" saioan

EiTB

Bakardadearen bi aurpegiei erreparatuko die Xabier Madariagak aurkezten duen saioak, eta COVID-19aren pandemiak egoera honetan duen eragina ere jorratuko du.

0:28
Ur Handitan, bakardadeak

Gero eta jende gehiago bizi da bakarrik, baina bakarrik bizi daiteke eta bakarrik ez sentitu, edo konpainian bizi arren, bakarrik sentitu. Bakardade sentimendua ez dago adinari lotuta, ezta klase sozialari ere. Edonori eragin diezaioke, eta ondorio oso larriak izan ditzake: alkoholismoa, suizidioa... Baina bakardadea nahita bilatzen denean, ongizatea ekarriko digu, askatasunarekin zerikusi zuzena duelako. Beraz, bakardadeak bi aurpegi ditu, eta "Ur Handitan" saioa biak erakusten saiatuko da. Halaber, COVID-19aren pandemiak egoera honetan duen eragina ere jorratuko du.

Bakardadea aukeratutakoa izan daiteke, bakarrik egoteaz goza daiteke, dela bidaiatzeko, lan egiteko, bizitzeko... Hala azalduko dute Loli Arrietak eta Juan Gorritik. Arrietak 95 urte ditu, ezkongabea da, Donostian bizi da, eta bakarrik bizitzeari abantaila asko ikusten dizkio. Pandemia heldu arte, egunero joaten zen Eguneko Zentrora, eta horrek asko pozten zuen, baina, martxotik aurrera, bakarrik pasatu ditu ordu gehienak, eta horretaz ere hitz egingo digu. 

Juan Gorriti eskultore eta margolari nafarrak, berriz, bakardadea behar-beharrezko du sortzeko, bakardadea lagun baitu lan egiteko.

Bakardadea, bestalde, arazo ere izan daiteke, eta arazo hori arintzeko boluntario-elkarte askok egiten dute lan Euskal Herrian. Horietako bat Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa da, eta "Ur Handitan" saioak elkarte horretara joko du gaia sakonagotik ezagutzeko, Maite Gonzalez zerbitzu horren zuzendariaren eskutik. 

Bakardade hori bizi izan du Markina-Xemeingo San Roke egoitzan bizi den Agustin Urrestik ere. Berarekin mintzatuko da Xabier Madariaga Skype bidez, prebentzio-neurriak betez. Agustin Urrestik badaki zer den bakarrik egoteagatik sufritzea. Baserrian, baratzea eta irratia zituen kide bakarrak. Egunerokoan, bakarrik igarotzen zuen eguna. Bakarrik jaiki, gosaldu, bazkaldu eta oheratu...

Egoera latz horretatik atera zuen gizarte-langilea elkarrizketatuko du ondoren Madariagak. Amaia Zabaletak Agustin baserritik atera zutenetik gaur egun arte elkarrekin bizi izan duten ibilbide guztia kontatuko du.

Bakardadearen alde ezberdinak erakutsiko dituen "Ur Handitan" saioa, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.