Ur Handitan
22:30ean
Euskal Herriko LGTBI mugimendua, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EITB Media
Vicente Badillo 'Francis' 32 urteko errenteriarraren hilketa abiapuntu hartuta, Euskal Herriko LGTBI mugimenduaren genealogia egingo dute 'Harro gaude, Francis' izeneko atalean.
Gaur gauean, Euskal Herriko LGTBI mugimenduaren genealogian murgilduko da "Ur Handitan" saioa. Vicente Badillo 'Francis' 32 urteko errenteriarraren hilketa abiapuntu hartuta, gaur egungo borroka eta aldarrikapenetara egindako bidea erakutsiko du 'Harro gaude, Francis' atalak. ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 22:30etik aurrera.
'Francis'en hilketa Euskal Herriko "Stonewall" gisa aldarrikatzen du LGTBI mugimenduak: 1979ko ekainaren 10ean, Polizia Nazionalaren agente batek tiroz hil zuen 'Francis' (Vicente Badillo), Errenteriako gau giroan armairutik kanpo bizi eta trabesti gisa ikuskizunak egin zituena. Hilketa hark Euskal Herriko LGTBI mugimendua azaleratu zuen, bereziki Gipuzkoan: ordura arte klandestinitatean ibili zirenek manifestazioak publikoki egin zituzten lehen aldiz.
"Alfer eta gaizkileen legea" baliatuta lehenik eta "eskandalu publikoen legea" erabiliz gero, bost urterainoko espetxe zigorra jar zezeketen homosexualitateagatik 1988ra arte. Hala ere, 60ko eta 70eko hamarkadetan LGTBI mugimendua oso gogorra izan zen, Juan Antonio Nielfa 'La Otxoa'ren esanetan. 10 urte zituen Eduardo Gaviña 'Yogurinha Borova'k Francis hil zutenean, eta, gaur egun, oso eskertuta dago orduan borrokatu zirenekin.
Lehen elkarte eta kolektiboak
Saioan zehar, elkarte ezberdinen sorrera izango dute hizpide, eta bertako hainbat kideren testigantzak ere jasoko dituzte. Izan ere, Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendua (EHGAM) 1979an sortu bazuten ere, 1983ra arte ez zuten legeztatu. Urte haietan, taldeko militanteek mehatxu eta erasoak jasan zituztela azalduko du Imanol Alvarezek. Francisen hilketaren ondorengo epaiketan akusazio partikular gisa aurkeztu zen elkartea, eta Mikel Martin EHGAMeko kide errenteriarrak ondo oroitzen du herrian hilketa salatzeko egin zen batzarra.
Asun Urbietak, berriz, emakumeen biltzarrean militatzen zuen, baina EHGAMi esker jaso zuen sexu askapenaren inguruko diskurtsoa. Lesbianismoa hautu bat gehiago zela ulertu zuen, heterosexualitatea bezain zilegi, eta horrek bultzatuta sustatu zuen gero Gipuzkoako Lesbiana Feministen Kolektiboa. Maite Irazabalek, berriz, Bizkaiko Lesbiana Feministen Kolektiboan militatu zuen, eta laurogeiko hamarkadan deitu zituzten lehen manifestazio jendetsuak gogoratuko ditu.
Eskubideak
2005era arte itxaron behar izan zuten eskubide zibilak lortzeko, eta horrek ekarritakoa ere aztertuko dute saioan. Hala, ezkontzeko eta adoptatzeko legea onartu eta gero, "dibortziatu ahal izateko" ezkondu zen Natalia Gardeazabal, bere bikotekideak ere seme-alaben gaineko eskubideak izan zitzan. Bestalde, zenbait eskubide lortutakoan borrokarako grina apaldu egin zela uste du Kattalin Minerrek, eta, horren esanetan, legeek ez dute LGTBI mugimenduaren kontrako indarkeria desagerrarazi.
Belaunaldi berriak
Homofobia zigortuta dagoen garaian hazi den belaunaldiaren parte da Yuri Paramos oñatiarra, baina transfobiak gizartean errotuta jarraitzen duela uste du. Bestalde, gure gizartean heteroaraua oso txertatuta dago, Ibai Fresnedoren aburuz, eta, ondorioz, LGTBI kideek euren burua etengabe justifikatzera behartuta ikusten dutela salatu du, tartean, armairutik irtenez gero. Azkenik, B.A.L.A. kolektiboko Shu Oteroren testigantza ere jasoko du aste honetako saioak, heterosexualitatea eta espazio mugatzaileak hizpide.
"Ur Handitan: Harro gaude, Francis" saioa gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.