Mundua
Lurrikararen ondoren
Kaltetuak lagundu eta lapurretak sahiestu, Txileren lehentasunak
Erredakzioa
Lapurretak direla-eta 100 lagun baino gehiago atxilotu dituzte dagoeneko. Hegazkin txiki bateko sei bidaiariak hil dira, kaltetuei laguntzera zihoazenean.
Joan den larunbatean Txile astindu zuen lurrikararen ondorioz argirik, urik eta jatekorik gabe dauden hiritarrak laguntzen saiatzen ari dira Txileko buruzagiak. Horrez gain, arpilatze eta harrapaketei aurre egin behar die Gobernuak.
8,8 graduko lurrikararen ondorioz hildakoak 723 dira dagoeneko. Horrez gain, 19 pertsona desagertu egin dira eta 2 milioi kaltetu daude, Gobernuak azaldutakoaren arabera. Michelle Bachelet presidenteak iragarritako neurrien bidez hiritarrak laguntzen hasi da Txileko Gobernua.
Elikagaiak heltzen hasi dira gaur arratsaldean, Santiagotik Txileko Hegoaldera. Jan aurretik berotu besterik ez dute egin behar.
Santiago eta Txileko Hegoaldearen arteko errepideak konpontzen saiatuko dira orain. Horrez gain, Santiagoko aireportua irekiko dute datozen orduetan, baina hegaldi nazionalak egiteko besterik ez. Nazioarteko hegaldiak egiteko ostiralean zabalduko dute Santiagoko aireportua, Gobernuaren esanetan.
6,1 gradutako erreplika
Hondamendia izan zenetik lurrikararen 100 erreplika baino gehiago jasan dituzte Txilen. Atzo 40 erreplika nabaritu ziren herrialdean. Erreplika guztietatik, larrienak 6,1 gradutako lurrikara izan da.
Lurrikararen erreplika honek Santiagoko hegoaldetik 190 kilometrora izan du epizentroa eta Valparaison eta Talcan ere nabaria izan da.
Txileko Armadako 10.000 soldaduk herrialdearen erdigunea hartu dute, Mauleko eta Bio bioko erregioetan laguntza humanitarioa ematen laguntzeko eta harrapaketa ekiditeko.
Hegazkin txikia
Bestalde, Concepcionen (Txileko hegoaldea) hegazkin txiki batek lurra jo du sei bidaiari zeramatzala. Guztiak hil dira. Bidaiariak lurrikarako kaltetuak laguntzera zihoazen, Txileko Aeronautika Zuzendaritza Nagusiak baieztatu duenez.
Hegazkina Santiagotik Concepcionera (515 kilometrora) zihoan eta Tomen behea jo du, argitzeke diren arrazoiengatik.

