Itxi

eguraldia

Haize zakarra

Herrizaingo Sailak gaur etxetik ez ateratzeko gomendioa egin du

Erredakzioa

Kanpoaldean egiten diren eskolako eta federatutako kirol ekitaldiak bertan behera utzi ditu 24 orduz gaurko 15:00etatik aurrera. 85 urteko gizon bati teila bat erori zaio buru gainera Gasteizen.

Herrizaingo Sailak gaur etxetik ez ateratzeko gomendioa egin die herritarrei ziklogenesi leherkorra iritsi daitekeelako gaur arratsaldean, eta haizeak 140 edo 150 km/h-ko abiadurara irits daitezke. Aurreikuspen horrekin, alerta gorria jarri du abian eta kanpoaldean egiten diren eskolako eta federatutako kirol ekitaldiak bertan behera utzi ditu.

Raul Fernandez Arroiabe Herrizaingo sailburuordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, gaur arratsaldeko lauetan krisi-mahaiaren bilera egingo dute eta orduan jakingo dute Euskal Herrira iritsiko den haizea "indartsua ala oso indartsua" izango den.

Printzipioz, haizeak 140 edo 150 km/h abiadura har dezakeela espero dute, eta ondorioz, herritarrei etxean geratzeko deia egin die.

Azaldu duenez, kanpoaldean egiten diren eskolako eta federatutako kirol ekitaldiak bertan behera utziko dituzte biharko 15:00etatik igandeko ordu horretara arte. Gainera, azokak eta merkatuak egitea ere baztertzea aholkatu dute.

Era berean, erakunde guztiak eta SOS Deiakeko langile guztiak % 100ean jarri omen dituzte alertan.

Gizon bat zaurituta

Haize zakarraren ondorioz, 85 urteko gizon bati teila bat erori zaio buru gainera Gasteizen.

Agurea Herran kalean zebilen atzo haizea zakartu eta teila bat buru gainera erori zitzaionean. Kolpeak garezurra hautsi zion eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.