Itxi

Musika

Ilara luzeak

AC/DC taldearen jarraitzaileek euriari aurre egin diote Bilbon

L.Z./A.A.

1.000 pertsona baino gehiago bildu dira San Mamesen. Batzuk ez dute lanera joan nahi izan eta beste batzuk "mezulariak" bidali dituzte sarrerak erostera.

Datorren ekainaren 28an AC/DCk San Mamesen eskainiko duen kontzerturako sarrera bat eskuratzeko edozer gauza egiteko gai direla erakutsi dute taldearen jarraitzaileek. 1.000 pertsona baino gehiago bildu dira San Mamesen, horietako asko Bilbokoak edo ingurukoak, gaua ilaran egin dute eta lehenengoak, Eako 40 urte inguruko gizon batek, 35 ordu bete ditu AC/Dren kontzerturako sarrera erosteko.

San Mamesera gerturatu direnen gehiengoak ez zuen iaz AC/DCk Barakaldoko BECen eskaini zuen kontzerturako sarrerarik lortu eta "aurtengo antolaketa askoz hobea" dela uste dute.

Hotza eta euria nagusi izan diren arren, taldearen jarraitzaileak umore onez aurre egin diote eguraldi kaxkarrari. Horretarako, kanpadendak eta bestelako tramankuluak erabili dituzte. Badira estadioaren eskailera ohea bilakatu dutenak ere.

"Nire nagusiak ez zidan etortzen uzten, baina kaleratzen banau bost axola", adierazi du ilaran zegoen pertsonetako batek. Ikasleen kasuan egoera antzekoa da, txartel preziatua lortzeko klaseei uko egin diete. 50 urte baino gehiagoko emakume batek semeei txartelak erosteko orduak pasa ditu ilaran.

Oro har, jarraitzaileek birsalmenta ez dute buruan: "Txartela erosiko dugu, baina 90 edo 100 euro ordaintzeko prest egongo ginateke".