Politika -

'Egunkaria auzia'

Otamendi "pozik", baina "partidaren bigarren zatia geratzen da"

Egunkaria-ren zuzendari ohiak uste du auzia "galdu dutenek" helegitea jarriko dutela ebazpenaren kontra, eta auzi ekonomikoa geratzen dela ohartarazi du. Xabier Oleagak ere ospatu du ebazpena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxelo Otamendi Egunkaria-ren zuzendari ohia eta Berria-ren zuzendaria "pozik" agertu da Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman duelako Egunkaria-ko bost auzipetuentzat, baina ohartarazi du "partida ez dela bukatu, bigarren zatia geratzen da". Izan ere, ''Egunkaria auzia''ren zati ekonomikoa epaitzeke geratzen da, eta gaurko ebazpenaren kontra helegitea aurkeztuko dutela uste du.

Euskadi Irratiari ebazpenaren berri izan eta gutxira eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, "oso litekeena da errekurtso bat izatea galdu dutenen partetik".

"Pozik gaude, baina partida ez da bukatu, bigarren zatia geratzen da eta Auzitegi Gorena ez da jokatzeko zelai atsegina", adierazi du Otamendik Euskadi Irratiko mikrofonoetan.

"Orain zentra gaitezen Gorenak ere absoluzioa eman dezan", gaineratu du Egunkaria-ren zuzendari ohiak. Izan ere, auzi ekonomikoa deritzona geratzen da epaitzeke, horretan, iruzur fiskala leporatzen diote Egunkaria-ri, baina ETAko kide izateaz absolbitu dituztenez, auzia Tolosako edo Donostiako auzitegiak epaitu behar duela uste du Otamendik.

Martxelo Otamendik azaldu du ANk auziperatuak inkomunikatu izana salatzean "Auzitegi Nazionalak dezente esan duela, ebazpen bateak inkomunikazioagatik kezka agertzea dezente da".

Ospakizuna

Otamendik iragarri du bihar auzipetuek eta abokatuek prentsaurrekoa emango dutela "berotasuna eman diguten guztioi" eskerrak emateko egingo dituzten ekitaldien berri emateko.

Oleaga

Bestalde, Xabier Oleaga Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak esan duenez, gaur jakinarazi duten epaia "Egunkaria auziaren bukaeraren hasiera" izan daiteke. "Egun zoriontsua da gaurkoa gure bizitzetan", esan du Radio Euskadin.

Hala ere, ez du baztertu epaitegietara joan eta salaketa aurkeztea. "Ikusiko dugu epaia nola idatzi duten, baina lojikak salaketa aurkeztu behar dugula esaten digu", nabarmendu du.

Bere hitzetan, "arrazoiak" badaude ''Egunkaria auzia''gatik "kontuak eskatzeko, baina ikusiko dugu hori nola gelditzen den".

"Zortzi hilabetez kartzelan egon nintzen, eta horrek ondorio larriak ekarri dizkigu etxean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea