Politika -

Auzipetuak, absolbituak

'Egunkaria' auzia: Eta orain, zer?

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu bost auzipetuak, baina akusazioek helegitea jarriko dute seguru aski, eta auzi ekonomikoa epaitzeke dago. Kalte-ordainen kontua ere aztertzeke dago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu astelehen honetan Euskaldunon Egunkaria auziko bost auzipetuak, kazeta itxi zutenetik zazpi urtera. Gainera, epaiak dio egunkaria ixtea Konstituzioaren aurkakoa izan zela, eta uneoro oso gogorra da Juan del Olmo instrukzioa egin zuen epailearekin, Guardia Zibilarekin eta herri akusazioa gauzatu duten AVT eta Dignidad y Justicia elkarteekin.

Nolanahi ere, epaia ez da prozesuaren amaiera. "Partida ez da amaitu, bigarren zatia geratzen da", Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohi eta Berria-ko gaur egungo zuzendariak atzo Euskadi Irratian gogorarazi zuenez.

Javier Gomez Bermudez presidente duen epaimahaiak ezarri du Otamendik, Iñaki Uriak, Joan Mari Torrealdaik, Txema Auzmendik eta Xabier Oleagak ez dutela "lotura txikiena ere" ETArekin, eta akusazioak "oinarrigabeak" eta "ulertezinak" zirela. Dena dela, AVT eta DyJ Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztea aztertzen ari dira.

Bien bitartean, euskal alderdiek eta hainbat sektoretako ordezkariek kalte-ordainak eskatzeko deia egin diete absolbituei. Dignidad y Justiciaren ustez, baliteke Estatuak 60 milioi euro eman behar izatea.

Hala eta guztiz ere, Otamendik, Uriak, Torrealdaik, Auzmendik eta Oleagak behin betiko absolbituak izan arte itxarongo dute, kalte-ordainak eskatzea aztertzeko. Hori bai, Egunkaria-ri egindako kaltea "oso handia" izan dela esan zuten atzo.

Auzi ekonomikoa, epaitzeke

Auzi nagusiaren epaia emanda badago ere, auzi ekonomikoa oraindik epaitzeke dago, eta oraingoz ez dauka ezta data ere.

Sumario horretan zortzi pertsona daude auzipetuta, kontuak faltsutzea eta Ogasunari iruzur egitea egotzita.

Hain zuzen ere, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena daude auzibidean.

Hamahiru eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eta 21 eta 33 milioi euro arteko isunak eskatzen dituzte haientzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea