Politika -

Guardia Zibilaren operazioa

Rubalcaba: "Atxilotuek ETAren agindupean ziharduten"

Espainiako Barne ministroak esan duenez, atentatuak egiteko informazioa biltzen zuten, Rubalcabari berari buruzkoa besteak beste.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzoko polizia-operazioan atxilotuek, ETAko kideen abokatu lanak egiteaz gain, legez kanpoko jarduera batzuk egiten zituzten, atentatuak egiteko informazioa bildu besteak beste, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainiarrari buruzkoa tarteko, Barne ministroak berak jakitera eman duenez.

Barne Ministerioaren egoitzan Rubalcabak azaldu duenez, atzoko hamar atxilotuek "ETAko militanteak erakartzen", "enpresariek ETAri egiten zizkioten ordainketak kudeatzen" eta kartzeletako "ordezkari politiko" gisa egiten zuten lan. Gainera, segurtasun indarrek bilatzen zituztenei "ihes egiten laguntzen" ere omen ziharduten.

Hori dena kontuan izanda, Rubalcabak azpimarratu du ez dela "beste operazio bat", "garrantzia handikoa" baizik.

Denbora asko frogak lortzeko

Ministroak azaldu duenez, Guardia Zibilak denbora asko zeraman beharrezko frogak lortzeko, abokatuek "abokatu lanak egiteaz gain, postu hori beste gauza batzuk egiteko erabiltzen zutela" egiaztatzeko.

Francisco Javier Lopez Peña Thierry ETAko buruzagi ohiari atzemandako txostenak funtsezkoak izan omen dira operazioa gauzatzeko, baina baita Frantziako Poliziaren eta Inteligentzia Zerbitzu espainiarraren laguntza ere.

"Dena ETAren zuzendaritzapean egiten zuten", berretsi du Rubalcabak. Era berean, atzo egin zituzten 17 miaketetan dokumentu andana jaso omen zituzten, segurtasun indarrek pentsatzen zutena ziurtatzeko baliagarri izango direnak hain zuzen.

"Ez da eta ez da izan ETAko kidea"

Karmelo Landa Batasuneko kide ohiak adierazi duenez, bere anaia, Erramun Landa, Guardia Zibilaren operazioaren baitan atxilotutakoa, "ez da eta ez da izan ETAko kidea" eta atxiloketa hauek "erregimen totalitario" baten berezko ekintzak direla ohartarazi du.

"Ez da delitua"

Haizea Ziluaga abokatuak, bere aldetik, Info7 Irratiari eskainitako elkarrizketa batean agertu duenez, ETAko presoak defendatzea "ez da delitua", "ohorea" baizik, Guardia Zibilak atzo egin zuen operazioaren harira.

Ziluagak esan du atxilotuei buruz dakiten bakarra honakoa dela: "Guardia Zibilaren esku, inkomunikatuta daudela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea