Itxi

Politika

Bidaia ofiziala

Azkuna eta lehendakaria Bilboko pabiloian izan dira, Shanghain

Erredakzioa

"Apaindura gutxiko" eraikuntzatik pasa den lagun kopuruarekin "pozik" azaldu da Bilboko alkatea. Erakustazoka itxi arte Bilboko pabiloia milioi eta erdi lagunek bisitatzea espero dute arduradunek.

Patxi Lopez lehendakariari harrera egin dio Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, Bizkaiko hiriburuak Shanghaiko (Txina) Nazioarteko Erakustazokan duen pabiloian. Hilabete barru erakustazoka itxi bitartean, bertatik milioi eta erdi lagun pasatzea espero dute agintariek.

Bilboko maketa erakutsi eta Bizkaiko hiriburuaren bideoa ikusi ostean, Azkunak ongietorria egin die lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzari. "Apaindura gutxiko" eraikuntzatik pasa den lagun kopuruarekin "pozik" azaldu da Bilboko alkatea. "Ezagutu gaitzaten, erein behar dugu eta toki guztietan izan", azpimarratu du.

Era berean, "Bilbo aprobetxatzeko" eskatu dio lehendakariari Azkunak, hiriburua "testuinguru onean delako, gero eta gehiago ezagutzen gaituzte, Euskadi gero eta gehiago ezagutzen dute eta ditugun gauza on guztiak kanpoan saltzeko zirrikitu guztiak aprobetxatu behar ditugu, gauza ugari baititugu".

Lehendakariak enpresaburuak Txinara eraman dituela gogorarazi du Azkunak, eta "erakunde publikoetatik babestu behar" dituztela erantsi du.

Bilbo, eredu

Bestalde, Erakustazokako antolatzaileek Bilbo hiri eraberritu eredu gisa goraipatu dute, eta Lopez "harro" azaldu da horregatik. Bizkaiko hiriburuak "ohitura eta modernitatea uztartzen" dituela adierazi du lehendakariak, eta "bisitaria etxean bezala hartzen" duela.

"Bilbo, Euskadi bezala, indartsuago egin da zailtasunean, krisia aukera bihurtzea jakin du, batez ere guztien ahalegina bateratzea jakin du: kolektiboena, erakundeena eta herritarrena. Etorkizunera begiratu eta zetorrena aurrikusten jakin du, jatorria ahaztu gabe", nabarmendu du lehendakariak.