Politika -
Dokumentazioa
Bilduren kontrako balizko inpugnazioen pausoak eta epeak
Zerrendak banan banan inpugna ditzakete, edo koalizio oso osorik. Azken hitza Auzitegi Konstituzionalak izango du maiatzaren 20ean.
Erredakzioa
Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak apirilaren 28a arte izango dute Bilduren zerrendak inpugnatzeko aukera. Inpugnazioa bi eratara eman liteke: zerrendaz zerrenda edo koalizio osoa.
Atzo zerrendak erregistratu ondoren, apirilaren 26ean egingo dira ofizial, Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean.
Bi egun geroago amaituko da inpugnazioak aurkezteko epea, eta apirilaren 30erako, Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu beharko du balizko helegitearen inguruan.
Gorenak inpugnazioak onartuz gero, Bilduren defentsak Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango du eta epaitegi horrek hiru egun izango ditu erabakia hartzeko, maiatzaren 5a arte hain zuzen ere.
Lege berriarekin, hauteskunde zerrendak kanpainan ere inpugnatu ahal izango dituzte. Hori horrela, Gobernuak eta Fiskaltzak maiatzaren 12a, osteguna, arte izango dute inpugnazio helegiteak sartzeko epea. Gorenak maiatzaren 15aren aurretik ebatzi beharko du balizko helegitearen inguruan eta Bilduk errekurtsoa jarriz gero, Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 20rako eman beharko du ebazpena.
Segurtasun Indarrak Bilduren hautagaien zerrendak aztertzen hasiko dira bihar, gaur hauteskunde-batzordeak Barne Ministeriora zerrenda horiek bidali ostean, eta halaber, Barne Ministerioak Poliziari eta Guardia Zibilari bidali ostean.
Poliziak eta guardia Zibilak ikerketa horren inguruko txostenak aurkeztu beharko dizkiote Fiskaltzari eta Estatuko Abokatutzari, irizpide juridikoen arabera zerrenda horiek inpugnatzeko arrazoirik ote dagoen erabakitzeko.
Bilduren zerrenden aurka egiteko baimena emango dio bihar Gobernuak Estatuko Abokatutzari.
258 zerrenda aurkeztu ditu Bilduk EAEn. Era berean, Nafarroako Parlamenturako eta Batzar Nagusietarako barruti guztietan zerrendak aurkeztu ditu koalizioak. Guztira, 32 hautagaitza aurkeztu ditu Araban, 104 Bizkaian, 72 Gipuzkoan eta 51 Nafarroan.