Politika -
Auzitegi Gorenean
Bilduren zerrenda guztiak inpugnatuko dituzte
Bildu ETAren estrategiaren barruan dagoela eta zerrendetako zenbait kidek Batasunarekin harremanak dituztela ondorioztatzen duten polizia txostenak aztertu ostean hartu dute erabakia.
Erredakzioa
Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak Bilduk aurkeztutako zerrenden aurka joko du asteazken honetan Auzitegi Gorenean, Bildu ETAren estrategiaren barruan dagoela eta zerrendetako zenbait kidek Batasunarekin harremanak dituztela ondorioztatzen duten polizia txostenak aztertu ostean.
Estatuko zerbitzu juridikoek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, Estatuko Abokatutzak bi demanda aurkeztuko ditu: bat Bilduren zerrenda guztien aurka, eta bestea 30 bat hautesle-elkarteren aurka.
Justizia Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez, asteazken honetan erabakiko dute demandak asteazkenean bertan edo ostegunean aurkezten dituzten. Zerrenden aurka egiteko epea ostegunean bukatzen da.
Bestalde, Estatuko Fiskaltzak ostegunean aurkeztuko du Bilduren zerrenden aurka egiteko demanda, eta baliteke beste hautesleren zerrenden aurka egitea.
Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta abertzale independeteak osatzen duten koalizioa ETAren estrategiaren barruan dagoela eta zerrendetako zenbaitkidek Batasunarekin harremanak dituztela ondorioztatzen duten Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren txostenak aztertu ostean prestatu dituzte demandak Estatuko Abokatutzak zein Fiskaltzak.
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko lehen presidenteorde eta Barne ministroak maiatzaren 22ko hauteskundeetan "hauteskundeetan egon behar ez duen inor" egongo ez dela esan du, eta "Gobernuak bere esku dituen baliabide guztiak erabiliko ditu" horretarako, Rubalcabaren esanetan.
Auzitegi Goreneko 61eko areto bereziak bi izango ditu orain erabaki bat hartzeko, ostirala 29 eta larunbata 30. Dena den, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkezteko aukera geldituko zaie, eta Auzitegi horrek erantzun bat eman beharko luke maiatzaren bosta baino lehen, hauteskunde kanpaina hasten denean.
Bestalde, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren azken moldaketaren ostean, maiatzaren 12ra arte egin ahal izango dute Bilduren zerrenden aurka hauteskundeetan ETArekin harremanak dituztela somatzen badute.