Politika -

M-22ko hauteskundeak

Ezenarro: "Aralarrek zeukan oinarrizko zoruari eutsi diogu"

Ainatzane Ezenarro Aralarreko bozeramaileak onartu duenez helburua 2007ko emaitzak "mantentzea" zen eta Gipuzkoan boto baten faltan ez dituzte 2 batzarkide lortu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramaileak onartu duenez "Bildu da hauteskunde hauetako irabazle argia" eta gaineratu du bake eta normalizazio prozesuak atzera bueltarik izan ez dezan "ardura handia" daukala koalizioak. Tolerantziaren kultura bultzatu eta urteetako estrategia politiko-militarrak herrietara eraman duen "jarrera antidemokratikoa" aldatzeko deia egin du.

Radio Euskadin egindako adierazpenetan Aintzane Ezenarrok esan du, hauteskunde hauetako emaitzak ez direla bere alderdiaren aurkako "zigorra" izan; "37.000 boto baino gehiago" jaso dituztela azpimarratu du, nahiz eta oraingo honetan "oinarria baxuagoa izan". 2003an lehenengo aldiz aurkeztu ginenean boto gutxiago lortu genituen, 2005ean gutxiago oraindik, eta gero, egia da, autonomikoetan askoz ere babes handiagoa lortu genuela, baina Aralarrek zeukan oinarrizko zoruari eutsi diogu", esan du Ezenarrok.

"Gertatzen dena da askoz ere indar handiagoarekin sartu den koalizio bat egon dela oraingo honetan eta horrek, nolabait esateko, ikusgaitz bihurtu du beste batzuek zuten lekua, Aralar kasu".

Aintzane Ezenarrok gaineratu duenez, "batez ere Gipuzkoan, geneukan ordezkaritza mantentzea zen gure helburua. Oraindik azken kontaketaren zain gaude Gipuzkoako bigarren batzarkidearekin zer gertatzen den ikusteko. Hori lortuz gero, ordezkaritza mantenduko genuke eta gainera, Gipuzkoan 16 zinegotzi lortu ditugu, batzuk berriak", azaldu du Aralarreko bozeramaileak.

Bakea eta normalizazioa

Aintzane Ezenarrok azpimarratu duenez, "guk beti esan dugu gauza asko daudela egiteke. Gustatuko litzaiguke oraingo honetan atzera bueltarik ez duen bake prozesu batean egotea; fruiturik eman ez duten hiru aukera izan ditugu eta Bilduren gorakadak horretarako balio badu, benetan ongietorria izango da", esan du.

"Bakea ez da ETA eta bere ekintzaren amaiera soilik. Uste dut guztia egiteke dagoela eta hori izango da gure helburua. Gure posiziotik lanean jarraituko dugu, etorkizun batean herrialde honetan benetan bakean eta normaltasunez bizi gaitezen", azpimarratu du Aralarreko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea