Itxi

Gaixotasun arraroak

Gaixotasun arraroak

Gaixotasun arraroak

Ikara dezagun beldurra

373.903 euro bildu dituzte gaixotasun arraroei buruzko EiTB Maratoian

A.E. | EiTB

Internet bidez eitb.eus-en urtarrilera arte ekarpenak egin ahal izango dira.

Ikara dezagun beldurra/Vamos a asustar al miedo lelopean, EiTB Taldeko komunikabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta eitb.eus) gaixotasun arraroen inguruko informazio eta sentsibilizazio kanpaina gauzatu zuten atzo, orain arte 373.903 euro bilduz. Elkartasun maratoiaren bidez, egun osoan zehar diru-laguntza batzeko ahalegin berezia egin zuen EiTBk, telebista, irrati eta internet bidez.

150 aurpegi ezagunek baino gehiagok parte hartu zuen atzokoan telefonoa hartuz. 902 54 25 25 telefonoan eta internet bidez jaso ziren ekarpenak. Oraindik kopuruak gora egin dezake, urtarrilera arte eitb.eus-en ekarpenak egin ahal izango direlako.

Urtero bezala, emakumeak izan dira gehien deitu dutenak, eta lurraldeka, Gipuzkoa nabarmendu da dei kopuruan zein diru ekarpenetan Bizkaia, Araba eta Nafarroaren aurretik. Deiak guztira 3.701 izan dira: Gipuzkoatik 1.673, Bizkaitik 1.5385 Arabatik 270 eta Nafarroatik 138 telefono dei jaso ditugu. Iparraldetik, Errioxatik eta Burgostik ere deitu dute.

Diru guztia gaixotasun arraroen ikerketara bideratuko da Bioef fundazioaren bidez. Bioef Fundazioak deialdi publikoa egingo du, ondoko ekintza hauek aurrera eramateko: ikergaiari buruzko ikerketa-proiektu onenen hautaketa eta etorkizunera begira aukera gehien ematen dituzten ikerketa-ildoak sendotu. Seigarren aldiz jarraian, I+G+B proiektuak ebaluatzeko agentzia ofizial batek aztertuko ditu proiektuak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendekoa den Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEPek) hain zuzen ere. Azterketa horren arabera, proiektuei puntuak banatu eta sailkapena osatuko da.