Itxi

EITB TALDEA

Euskadiko Gazte Orkestrarekin

"Hiru, Bi, Bach!" musika klasikoa barrutik ezagutzeko aukera emango digun podcasta estreinatu du GUAUk

EITB

GUAU plataformak eskaintzen duen podcasta ULU Mediak ekoitzi du, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin elkarlanean, eta Beethovenen "Zazpigarren sinfonia" aztertuko du.

  • "Hiru, Bi, Bach!" podcastaren aurkezpena Musikenen

    "Hiru, Bi, Bach!" podcastaren aurkezpena Musikenen

"Hiru, Bi, Bach!" podcastak musika klasikoa barrutik ezagutzeko aukera emango dizu. GUAU plataforman dago entzungai, ostegun honetatik aurrera, ULU Media ekoiztetxeak EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin elkarlanean ekoitzi du, EITB Mediarentzat. Atalak ostegunero sareratuko dira, bost ataleko sorta baten baitan.

'Hiru, Bi, Bach!' podcastaren irudia

'Hiru, Bi, Bach!' podcastaren irudia

Ludwig van Beethovenen (Bonn, 1770 - Viena 1827) "Zazpigarren sinfonia" aztertu eta alez ale azalduko du, modu berritzaile eta erakargarrian. Atal bakoitzean, musikaren maisu-lana puzzlea legez puskaka aztertzen joango da, piezaz pieza. Obraren atzean zer ezkutatzen den eta hura osatzeko prozesua nolakoa izan zen ezagutzeko aukera emango du. Helburua da musika klasikoa gazteengana hurbiltzea, modu berritzailean. Gazteek kontsumitzen dituzten formatuak eta kanalak erabiliz, beren playlist kuttunean musika klasikoa sartzeko xedea ere badu.

Podcastak bi gidari nagusi ditu: Felix Etxeberria eta Oihana Etxebeste, EGOko musikari gazteak biak; Iker Sanchez musika aditu eta EGOko topaketen zuzendariaren laguntzaz ariko dira. Euskal Herriko Gazte Orkestrak, EGOk, 2024ko neguko programan eskaini zuen Beethovenen "Zazpigarren Sinfonia" eta bertako musikariek podcast honetarako beren-beregi grabatutako piezak entzun ahal izango dira, bide batez. 

ULU Mediak ekoitzi du, Oier Aranzabal, zuzendari eta Martin eta Xabier Etxeberria, gidoilari. Soinu paisaia Jon Gartziak osatu du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea