EITB TALDEA
Jaiak
Donostiako Aste Nagusiari jarraipen berezia, EITBn
EITB Media
Jaien hasierako Artillero ekitaldia eta, gauero, su artifizialak eskainiko dira zuzenean, Ilaski Serranok eta Klaudio Landak aurkeztuta. Gainera, "Quédate" saioak emanaldi bereziak egingo ditu hiriko erdigunetik hiru egunetan.
-
2024ko Artillero ekitaldiaren irudia
Donostiako Aste Nagusiaren arreta berezia eskainiko diote EITBko hedabideek abuztuaren 9tik 16ra. Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebista, irrati eta Internet bidez. Halaber, Gipuzkoako hiriburuko festa giroaren berri ere emango dute albistegi eta saio ezberdinetan.
Jaien hasierako kanoikada zuzenean emango da ETB2n eta eitb.eus-en Donostiako Udaletxeko terrazatik arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Aurkezle lanetan, Klaudio Landa eta Leire Torre arituko dira; Egoitz Txurrukak eta Leyre Barriocanalek, berriz, erreportajeak eta elkarrizketak egingo dituzte bertan bilduko diren gonbidatu eta protagonistekin.
Gauero, Donostiako 60. Nazioarteko Su Artifizialen lehiaketako erakustaldiak eskainiko dira zuzenean 22:15etik aurrera. Ilaski Serranok eta Klaudio Landak egingo dute kontakizuna, eta hainbat gonbidatu izango dituzte aste osoan zehar.
Gainera, Leire Torre eta "Quédate" saioko lantaldea Donostiako erdigunetik arituko da hiru egunez (asteartetik ostegunera), jaietako giroa bertatik bertara bizitzen.
Bestalde, hilaren 16an, 48. Txistulari Kontzertu Nagusiaz gozatu ahal izango dugu. Donostiako Konstituzio plazan egiten den urteroko hitzordu honetan, Donostiako eta Euskal Herri osotik etorritako txistulariek hartuko dute parte, Aitor Arozenaren zuzendaritzapean. Aurtengo gonbidatuak izango dira Oihana Iguaran bertsolaria eta Oinkari dantza taldea.

