Itxi

EITB TALDEA

ONCEren Elkartasun Saria

EITBren 'Armairutik plazara' dokumentalak ONCE Gizarte Taldearen Elkartasun Saria irabazi du

EITB

Komunikazio-programa, -artikulu eta -proiektuen kategorian saritu dute, "narrazio-berrikuntzagatik eta gizartean eta hezkuntzan duen eraginagatik". Lanaren begirada pluralak kontakizuna aberasten duela ere azpimarratu dute. Sari banaketa urriaren 21ean izango da.

  • 'Armairutik plazara'

    'Armairutik plazara'

ONCE Gizarte Taldeak EITBren Armairutik plazara dokumentalari eman dio ONCE Euskadi 2025 Gizarte Taldearen Elkartasun Saria, programa, artikulu eta komunikazio-proiektuaren kategorian. Joan den ekainean emititu zen saio berezia, LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren kari, eta ikusgai dugu EITB Nahieran atarian.

Saio berezi horretako hamar protagonistek armairutik atera eta beren buruak askatzeko unea nola bizi izan zuten kontatzen du lanak: Beñat Olea komikigilea, Klaudio Landa aurkezlea, Aitzole Araneta sexologoa, June Fernández kazetaria, Iñigo Iturrate Euskalduna Jauregiko zuzendaria, Aketza López aktorea, Kimetz Etxabe aktorea, Mikele Grande editorea, Iratxe Urkiaga irakaslea eta Jose Antonio Nielfa 'La Otxoa' ditugu bertan.

Gizarte-komunikazioaren arloan aparteko ekarpena dela azpimarratu du ONCE Gizarte Taldeak. "Narrazio-berrikuntzagatik eta gizartean eta hezkuntzan duen eraginagatik nabarmentzen da. Askotariko errealitateak erdiguneratzen ditu ikuspegi integrala erabilita, non LGTBIQ+ kolektiboko 10 protagonisten ahotsak eta haien senide eta lagunenak elkarrekin agertzen diren. Begirada plural horrek kontakizuna aberastu egiten du, armairutik irtetea banakako prozesua ez ezik, partekatutako bizipena ere badela erakusten baitu", nabarmendu dute.

ONCE Gizarte Taldearen Sari Solidarioen helburua da beren eragin-ingurunean egiten duten lan solidarioagatik nabarmentzen diren pertsona fisiko eta aintzatestea. Aurtengo sarituen artean ere baditugu Real Sociedad Fundazioa, Xabier Aierdi Urraza, Irsearabas eta Arabako Foru Aldundia.

Urriaren 21ean izango da sari-banaketa, Donostiako Kursaalen, eta EITBk streaming bidez emango du.