EITB TALDEA
SARIA
Dani Alvarezek Euskal Kazetariak Saria jaso du
EITB MEDIA
Euskal Kazetariak saria jaso du Radio Euskadin ibilbide luzea egin ostean, gaueko "Teleberri" albistegia gidatzen duen kazetariak. EITBren parte hartzea duen "Natura Bizia" dokumental saila ere nabarmendu dute, Ingurumen Kazetaritza atalean.
-
Dani Alvarez kazetaria saria jasotzen
Dani Alvarez EITB taldeko kazetariarentzat izan da Kazetarien Euskal Elkargoaren aurtengo Euskal Kazetariak Saria. Bilboko BBK aretoan egindako sari-banaketa ekitaldian, pozik agertu da Alvarez, eta esan du "ohore" bat dela aitortza hau jasotzea.
Dani Alvarezek ibilbide luzea egin du EITBn, 2000. urtean Radio Euskadin bekadun sartu zenetik. Irrati horretako albistegi buru izan da aurtengo irailera arte, eta orain ETB2ko "Teleberri" albistegia aurkezten du. Daniren aurretik, EITBko beste lau profesional hauek jaso dute Euskal Kazetariak saria: Mikel Ayestaran (2015), Ane Irazabal (2017), Olatz Arrieta (2019) eta Aintzane Bolinaga (2024).
Bestalde, EITBren parte hartzea duen "Natura Bizia" ikus-entzunezkoa nabarmendu dute Ingurumen Kazetaritza atalean. Euskal biodibertsitatea ardatz duen zortzi ataleko dokumental sorta Lexeia Larrañagak zuzendu zuen eta Alberto Iñurrategi da gidaria. 2021ean estreinatu zen EITBn, eta ikusgai dago PRIMERAN streaming plataforman.

