EITB TALDEA
"Holobiontea" audio fikzioaren hirugarren eta azken denboraldia, gaurtik aurrera, GUAUn
Sei atal izango dira, eta oraingoan ere Nagore Aranburuk hezurmamitutako Idurre Aldazabal inspektorea izango da protagonista. Eskozian dago girotua trilogia itxiko duen audio fikzioa.
-
"Holobiontea"
"Holobiontea" adin guztietako lagunei zuzendutako soinu fikzio saila da, hiru denboralditan banatuta. Podcast formatuan ekoiztuta, zientzia-fikzioa eta thriller psikologikoa uztartzen dituena. ULU Mediak EITB Mediarentzat sortutako soinu fikzioaren azken denboraldia hau ere sei atalek osatzen dute. Gaurtik aurrera egongo da entzungai lehen atala EITBko GUAU audio plataforman, eta astelehenero saretuko da kapitulu berri bat.
Idurre Aldazabal ikerlariak eta bere taldeko kideek -Imanolek (Asier Hormaza), Aroak (Aitziber Garmendia) eta Odeik (Markel Sanz)-, Zurriolako hondartzan agertu zen izakia eta haren oinordekoak akabatzea lortu zuten. Usteak erdia ustel, ordea: taldea garaipenaren urteurrena ospatzera doanean, festa zapuztu zaie. TASK Corporation deritzanak piztia berpiztu eta arma gisara erabiltzeko asmoa daukala jakin dute. Ondorioz, taldea Eskoziara joango da holobiontearen benetako jatorriaren bila, arriskuari behin betiko amaiera jartzeko. Idurrek Mathew Mendozarekin (Iban Garate) harremanetan jarraitzen du. Izan ere, Task Corporation-en ezkutuko interesek, mundua arriskuan jarriko dute.
Hiru denboraldietan Oier Aranzabal izan da lan-taldearen zuzendaria, halaber Xabier eta Martin Etxeberria anaiek egin dute gidoia eta musika banda Maite Larburuk espresuki sortua da ekoizpenerako. Alain Urrutiak egin ditu irudiak, eta aktoreak Anartz Zuazuak zuzendu ditu: Nagore Aranburuk jokatzen du Idurre protagonistaren pertsonaia eta Iban Garatek, Asier Hormazak, Aitziber Garmendiak, Klara Badiolak eta Markel Sainzek jartzen diete ahotsa pertsonaia nagusiei. Denboraldi berrian Loinaz Jauregi batu zaio ekoizpenari eta BIEUSE bikoiztaile euskaldunen kooperatiba kideen partaidetza ere azpimarratzekoa da. Grabaketak, Lasarteko ULU Studion egin dituzte.
EITBko GUAU audio plataforman ez ezik, ohiko agregatzaileetan ere entzun ahal izango da "Holobiontea"ren hirugarren denboraldia ondorengo sei asteetan.

