EITB TALDEA
Gaztea
Marmitako Trap Banda, Zeatikez, GAR eta BARRRK taldeak lehiatuko dira 2025eko Maketa Lehiaketaren finalean
EITB Media
Ostegun honetan, 20:30an hasita, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan egingo den ekitaldia Ainhoa Vitoriak aurkeztuko du. Streaming bidez jarraitzeko aukera izango da, Gaztearen YouTube kanalean eta wegbunean.
-
Gaztearen Maketa Lehiaketako 34. edizioa
Gaztea Maketa Lehiaketaren 34. edizioko finala jokatuko da ostegun honetan (azaroak 20). BARRRK, GAR, Marmitako Trap Banda eta Zeatikez aurtengo finalistek euren proiektuak taula gainean defendatzeko aukera izango dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 20:30etik aurrera. Zuzenekoetan ikuskizunik onena eskaintzen duen taldeak eramango du gaueko sari potoloa: 5.000 euro eta Bilbao BBK Liven jotzeko aukera. Ibon Fernandez Gazteako esatari eta musika kazetariak, SÜNE musikariak eta Lorea Argarate sortzaile eta dibulgatzaileak osaturiko epaimahaiak hartuko du erabakia.
Entzuleen Saria (2.500 euro) dagoeneko erabakita dago: Zeatikez talde donostiarrak irabazi du, webguneko bozketa bidez. Azkenik, gauean bertan emango da jakitera Harrobia Saria, talentu gazte onenari. Oso Polita diskoetxearekin lau kantako EP bat grabatzeko aukera izango du talde horrek.
Pop-rockaren bidetik, abesti intimoak egiten ditu Durangotik datorren GAR bandak. Malaga, Bilbo, Laudio eta Orozkoko kideek osatzen dute BARRRK banda, eta haien musika estiloa definitzerakoan ez dute batere argi. Donostian jaiotako boskotea da Zeatikez, gitarra elektrikoaren soinuarekin pop generoko doinuak nahasten dituena. Marmitako Trap Banda urban eta rap estiloak jorratzen dituen kolektibo bizkaitarra da.
Finala Ainhoa Vitoriak aurkeztuko du eta zuzenean izango da ikusgai Gaztearen webgunean eta YouTube kanalean. Ekitaldiak Laboral Kutxaren eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren babesa du.

