Itxi

EITB TALDEA

18:30ean

ETB ON, EITBren telebista plataforma digital berria, aurkeztuko da gaur

EITB

Zuzenekoen eskaintza handia eta EITB Taldearen edukirik onenak klik bakar batean topatuko ditu erabiltzaileak, nahi duen unean eta moduan ikusteko. Teknologia berri bat ardatz hartuta, Nahieran plataforma historikoa birformulatu eta etorkizunera begira jarri du EITBk.

1:52
ETB ON

EITBk telebista plataforma digital berria du: ETB ON. Teknologia berri bat ardatz hartuta, Nahieran plataforma historikoa birformulatu eta etorkizunera begira jarri du, erabiltzaileei esperientziarik onena emateko. Bertan bildu dira zuzenekoen eskaintzarik zabalena eta EITB Taldearen eduki onenak, nahi den unean eta moduan ikusteko. Kontsumo eredu berrietara egokitutako diseinua du ETB ONek eta OTTrik onenen mailako erabiltzaile esperientzia eskaintzen du.

EITBren plataforma berrian ETB ikusi ahal izango dugu, zuzenean edo eskabidez. Aktualitate zein entretenimendu saioak, telesail, film eta dokumentalekin batera, ETBren historiako edukirik onenen aukeraketa topatuko dugu: fikzioak eta saio mitikoak eta baita gure historiakoak ere (kultura, dokumentalak, bildumak).

Zuzeneko emanaldiak ETB ONen apustu handienetakoak dira: EITBren zuzeneko guztiak ez ezik, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren aktualitate-ekitaldien zuzeneko berezienak ikusteko aukera izango da.

Bestalde, kirola EITBren bereizgarrienetako bat den aldetik, ETB ONek kirol eskaintza indartuko du, asteburuko emankizunen askotariko leihoez osatutako pantaila aurkeztuz. Bertan, gainera, kirol ez profesional guztiek bere atala izango dute.

 

Lau kanal tematiko ditu ETB ONek, jarraitzaile gehien dituzten hainbat edukitara sarrera erraztuko digutenak: Sukaldaritza (ETBko saio gastronomiko guztiekin), "El Conquistador", "Vaya Semanita" eta "Herri Txiki, Infernu Handi".

Aurrerantzean, halaber, EITBko irratiak eta irratietako eduki guztiak GUAU audio plataforman izango dira.

Aurkezpena

Bilboko EITBren egoitzako 5. platoan izango da aurkezpena, arratsaldean, euskal kultura eta ikus-entzunezkoen arloko lagunen artean. Julen Telleriak eta Nerea Aliasek aurkeztuko dute, eta, umorea, sorpresak eta musika ez dira faltako plataformaren berri emateko ekitaldian.

ETB ON nola eskuratu

Abenduaren erdialdetik aurrera, gailu mugikorretan EITB Nahieran eguneratzerakoan ETB ON bilakatuko da. Halaber, Google Play dendan eta App Store dendan eskura egongo da aplikazioa, baita www.etbon.eus helbidean ere.

Beste gailu batzuetan ere topatu ahal izango dugu: Chromecast gailuan, bakoitzaren gailutik Android TVra "cast" eginez, edo Hbbtv 1.4.1 bertsiotik aurrera, ETBko kanaletan botoi gorria sakatuta.

Smart TV hauetan ere eskuragai izango da abenduaren erdialdetik aurrera: Android TVn (7. bertsiotik aurrera duten gailu eta telebistetan, Google Play storean) eta Fire TVn (FireOS 5etik aurrera, Amazon Storean). Halaber, datozen hilabeteetan iritsiko da Apple TV eta Samsung, LG eta Hisense telebistetara.

 

Edozein zalantza edo galdera argitzeko EITB Arreta Zerbitzura jo behar da edo 900 112525 telefonora deitu.