Itxi

EITB TALDEA

Astelehenean eta asteartean

Donostiako eta Azpeitiko danborradak, zuzenean, EITBn

EITB

Astelehen eta astearteko ekitaldi nagusiak EITBko hedabide eta plataformetan jarraitzeko aukera izango da, baita bigarren urtez EITBk, Donostiako Udalarekin elkarlanean, portuan jarriko duen pantaila erraldoian ere.

  • 2026eko Danborrada

    2026eko Danborrada

San Sebastian egunean Donostiako eta Azpeitiko kaleak danbor hotsez beteko dira berriz ere, eta EITBko hedabideak horren lekuko izango dira. Astelehen gauean, 22:15ean hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en "Danborrada Gaua" saio berezia Asier Oteguik aurkeztuta. Imanol Artolak, Egoitz Txurrukak eta Maider Eguesek egingo dute Donostiako danborradaren kontakizuna, eta Izaro Iraetak eta Juan Jose Bereziartuak Azpeitikoa. Gauerdia iritsi bitartean, Konstituzio plazan eta liburutegi barruan bizi den giroa azalduko digute, baita Gaztelubideko danborradaren ibilbidearen nondik norakoak ere. Donostiako danborrada amaitutakoan, Azpeitiakoa osorik eskainiko da.

Asteartean, Donostiako Haur Danborradaren zuzeneko kontakizuna egingo dute Imanol Artolak eta Egoitz Txurrukak 11:45etik aurrera. Gauean, 23:15ean hasiko da San Sebastian egunari amaiera emango dion ekitaldia jasoko duen saio berezia, Imanol Artolak eta Maider Eguesek gidatuta.

Bigarren urtez EITBk, Donostiako Udalarekin elkarlanean, pantaila erraldoia jarriko du portuan saio berezi horiek guztiak bertan ikusteko. Halaber, emanaldiok ETB ON eta ORAIN appetan ere jarraitu ahal izango dira. 

Euskadi Irratiak bertatik bertara jarraituko ditu San Sebastian bezperan zein egunean Donostian egingo diren ekitaldi guztiak, albistegi zein programetan: prestaketak; jaiaren hasiera eta amaiera; haurren danborrada; Hiritar Merezimendu Dominen zein Urrezko Danborraren banaketak, eta kalez kale ibiliko diren danborradetako giroa. Bandera Igoeraren kontakizuna egiteko Ana Iruretagoiena kazetaria izango da Konstituzio plazan eta Haur Danborrada jarraitzen Patxi Irigoyen. Radio Euskadik gauerdiko albiste buletinaren barruan eskainiko ditu Bandera Igoera eta Jaitsiera, eta gainerako ekitaldien berri emango du. Halaber, astearteko "Boulevard" magazina Donostiatik gidatuko du Iñaki Espigak.