Itxi

EITB TALDEA

Futbola

ETB1ek zuzenean emango ditu Athleticen eta Realaren arteko Kopako finalerdiak eta Sevillako finala

EITB

Kopako bi derbiak zuzenean ikusi ahalko dira ETB1en eta ETB ON plataforman: asteazken honetan, otsailak 11, San Mamesetik; eta martxoaren 4an, Anoetatik. Apirilean Cartujan jokatuko den finala ere emango du Euskal Telebistak.

0:17
Athletic vs Reala Kopako finalerdietako joaneko partida, asteazkenean, zuzenean, ETB1en eta ETB ONen

Beste behin, Errege Kopako futbol finalerdien eta finalaren emozio guztia zuzenean bizitzeko aukera emango du EITBk, euskaraz. Hala, euskal derbi izaera duen finalerdia biziko dugu Euskal Telebistan, Athleticek eta Realak elkarren aurka jokatuko duten kanporaketarekin. Asteazken honetan, otsailak 11, Athletic vs Reala partida emango du ETB1ek 21:00etatik aurrera, San Mamesetik. Itzulerako norgehiagoka ere Euskal Telebistak emango du: martxoaren 4an, Anoetatik. EITBk RTVErekin duen lankidetza-ildoaren barruan, euskal taldeen finalerdiak eta Sevillako finala euskaraz emango ditu EITBk.

Otsailaren 11n 20:40ean hasiko da "Koparen Bila" saio berezia ETB1en, Amane Ibañezek gidatuta. Alboan izango du Jon Balentziaga estadiotik eta Naxari Altuna, Juanan Larrañaga eta Gorka Iraizoz kontakizuna egiten. Eritz Hernández eta Asier Aranguren arituko dira elkarrizketekin eta, neurketa amaitu ostean, analisiaren ordua iritsiko da.

ETB2n ere programazio berezia izango da: "Euskadi Quédate", zuzenean, San Mames ingurutik, Odei Esnaolak aurkeztuta. 17:30ean hasita eta partida abiatu arte, hiru ordu eta erdiko zuzeneko emanaldia egingo dugu. Erreportarien eskutik giroa bizitzeko aukera izango dugu, eta set berezian Realaren eta Athleticen aurpegi ezagunak, zaleak, jokalari ohiak, kazetariak... hartuko ditu Odeik.

Giroa bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango du ETB1eko "Biba Zuek" saioan. Platoan Realarekin eta Athleticekin lotura duten hainbat gonbidatu izango dituzte, eta zuzenean egongo dira Bilbo eta Donostiako kaleetan. Xabier Sukia aurkezlea bera ere kalean izango dugu.

Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere egingo dute zuzeneko emanaldia; eta, jarraipen informatibo zabala egingo du EITBk bere hedabide eta euskarrien bidez, bereziki kirolakeitb.eus atarian. Bertan ere izango da ikusigai norgehiagoka.

 

EITB, euskal futbolarekin