Itxi

EITB TALDEA

Urteurrena

1.600.000 ordu baino gehiagoko kontsumoa izan du GUAU audio plataformak bere lehen urtean

EITB

Katalogo sendo eta anitza osatu du eta 67 podcast original argitaratu ditu, horietatik 54 euskara. Euskarazko soinu-fikzioa indartzen jarraituko du GUAUk eta baita literatura eta euskal kultura bultzatzen ere. EITBko irrati guztietako edukiak entzun daitezke GUAU plataforman

  • GUAU audio plataformaren urteurrenko datuak

    GUAU audio plataformaren urteurrenko datuak

EITBren GUAU audio-plataformak otsailean bete du lehen urtemuga. 2025eko otsailaen 6an ekin zion bideari eta emaitza oparoa eskuratu du urte honetan guztian: 2025aren amaieran, 1,6 milioi ordu baino gehiagoko kontsumoa erregistratu du plataformak, eta horietatik 900.000 inguru euskarazko edukiei dagozkie.

GUAU honako helburuarekin sortu zen: EITBren audioa antolatu, digitalizatu eta etorkizunerantz proiektatzea, entzuteko ohitura berrietara egokituz, irratiaren, kulturaren eta zerbitzu publikoaren esentzia galdu gabe. Publiko gaztearekin eta heldu gaztearekin konektatzeko asmo argiarekin jaio zen, bereziki 35-40 urtetik beherakoekin, irratietako betiko entzuleak atzean utzi gabe. Plataforma elebiduna da, euskarazko eta gaztelaniazko edukiak biltzen ditu, eta euskara bultzatzearen aldeko apustu sendoa egiten du: enkarguzko edukien % 80 euskaraz ekoizten dira eta % 20 gaztelaniaz.

Bere lehen urtean, GUAUk katalogo sendo eta anitza osatu du. Alde batetik, EITBko irrati guztietako –Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta Euskal Kantak– edukia entzun daiteke bertan, zuzenean edo nahieran. Halaber, aurretik EITBPodkast plataforman zegoen katalogoa ekarri da GUAUra.

Oinarri horren gainean, 2025ean, 67 podcast original argitaratu ditu GUAUk, horietatik 54 euskaraz eta 13 bideopodcast formatuan ere kontsumitu daitezkeenak. Eskaintza horri beste erakunde kultural edo jaialdien podcastak gehitzen zaizkio, lankidetza-ekosistema zabalduz eta plataformaren izaera kulturala indartuz.

Soinu-fikzioa GUAUren lerro bereizgarrienetako bat bezala finkatu da. Plataformak 13 soinu-fikzio aktibo ditu, eta horietako lauk hiru denboraldi dituzte: "Artxipelagoa", "Holobiontea" "Eden" eta "Sara eta Paul". 2025ean, bederatzi fikzio edo denboraldi berri argitaratu dira eta orain gutxi horiei irrati-nobelen katalogo zabala gehitu zaie (22 guztira), plataforman arian-arian urtean zehar txertatuta.

Aldi berean, GUAUk audioliburuaren aldeko apustua indartu du, 11 izenburu berri argitaratuz eta guztira 21 audioliburu eskainiz. Ildo hori bereziki bultzatu da Euskal Literaturaren Hilabetean, Poesia ttanttak bezalako ekimenekin batera, euskal autore ezagunen soinu-poemen bilduma.

Hasieratik audioaren eta ikusizko formatuaren arteko elkarbizitza naturala markatu du GUAUk, beti ere, audioa erdigunean kokatuta. Horrela, 2025ean zehar estreinatu ditu "Eneagrama", "Klaketa", "Café Valparaíso" edo "BaDAbil!" bezalako bideopodcastak.

Kalitatearekin eta berrikuntzarekin hartutako konpromiso horrek kanpo-errekonozimendu nabarmena ere izan du, urteko podcast onenaren Ondas Saria lortu baitzuen "Se llamaba como yo" koprodukzioagatik.

2026ra begira, GUAUk euskarazko soinu-fikzioa indartzen jarraituko du eta baita literatura eta euskal kultura bultzatzen ere, sortzaileekin elkarlanean. Horrekin batera, gazte talentuaren aldeko apustua egingo du podcast eta bideopodcast pilotuak sustatzeko sari berri bat abian ipiniz eta Audiogile Berriak soinu-fikziorako euskarazko gidoigintza sustatzeko ekimenarekin jarraituz.

Plataformak bere ildo musikala ere indartuko du, irratiak, podcasta eta musika integratuz.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB