EITB TALDEA
Fikzioa euskaraz
EITBren partehartzea duten lau euskal telesail, filmaketa prozesuan
EITB
Abian dira "Amarekin goxo goxo", "Aloka(h)iru" eta "Izaki pixka bat gardenak"; eta apirilean hasiko da "Estu". 'Formatu txikiak, Talentu berriak' fikzio seriatua bultzatzeko EITBk sustatutako ekimenaren iazko deialdiaren baitan daude.
-
"Amarekin goxo goxo"
"Amarekin goxo goxo", "Aloka(h)iru" eta "Izaki pixka bat gardenak" telesailak filmaketa bete-betean daude. "Estu" berriz, filmaketa aurreko lanetan, apirilean abian jartzeko. Lau telesail hauek, Formatu txikiak, Talentu berriak fikzio seriatua bultzatzeko EITBk sustatutako ekimenaren iazko deialdiaren laguntza jaso dute.
"Amarekin goxo goxo" Tabakalerako 2deori esker garatutako telesaila da. Monndo Producciones, Sequenza Productions eta Salon Indien Studiosek ekoiztu dute. Lander Otaola eta Ane Nafarrate dira zuzendariak, eta Leire Albinarrate sortzaile eta gidoilaria. Aktoreen artean, Aitziber Garmendia, Iñake Irastorza, Jon Plazaola, Sambou Diaby, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Urko Olazabal, Lander Otaola eta Asier Hormaza ditugu, besteak beste. Haizea (Aitziber Garmendia) dugu protagonista: 35 urte, bikotekiderik, adiskiderik eta lanik gabe, ez da emakume helduaren eredu. Behintzat, ama badu… alabaz aspertu eta abandonatzen duen arte. Lehen aldiz, bere kabuz bizitzen ikasi beharko du. Alabaina, ez da gai bakarrik bizitzeko eta ama leku guztietan ikusiko du.
"Aloka(h)iru" Nitya Lopez eta Alba Lozanok zuzentzen dute eta Platanoboligrafo eta La Córnea Digital dira ekoizleak. Aktoreen artean, berriz, Nerea Sanz, Izaro Nieto, Lorea Intxausti, Arnatz Puertas, Dorleta Urretabizkaia, Kepa Errasti, Leire López, Asier Hernández eta Alvar Gordejuela ditugu. Koldo Almandoz zuzendari eta gidoilari ezagunak ere aktore gisa agerralditxo bat egingo du 4 ataleko ekoizpen honetan. Hiru lagunek pisua partekatzen dute Bilboko alde zaharrean. Unibertsitatea amaitzeko lau hilabete falta direla, ezusteko albiste bat jaso dute: etxeko andrea hil egin da, eta bere semeak hilabete bat eman die alde egiteko. Epe motzean alokatzeko aukerarik gabe, egoerari etekina ateratzea erabaki dute eta hiru negozio klandestino sortu dituzte etxe barruan.
"Aloka(h)iru"
Iñigo Sbeltza "Izaki pixkat gardenak" filmaren gidoilari, zuzendari eta ekoizleak (Maua Produkzioak) elementu bat partekatzen duten sei istorio autokonklusibo biltzen ditu. Mamuak dira elementu hori. Baina beldurrezko klixeetatik harago, izpiritu horiek musikaletan parte hartzen dute, lapurretak egiten dituzte eta, batez ere, heriotzaren alderik hunkigarri eta harrigarriena erakusten dute. Gertakizun paranormalei begirada fresko eta emozionala proposatzen du telesailak. Bizitzatik harago doana misterioa bakarrik ez dela erakutsiko dute, magiatik, umoretik eta giza kutsutik ere joko dute. Ekoizpen honetan, besteak beste, honako aktoreak ditugu: Jon Plazaola, Patricia Urrutia, Martxelo Rubio, Olatz Beobide, Erika Olaizola, Ainhoa Aierbe, Iñigo Aranburu, Mikel Losada eta Ylenia Baglietto.
"Izaki pixkat gardenak"
Azkenik, datozen asteetan, Arriguri talde artistikoak "Estu" filmatzeari ekingo dio. Ander Mateosek eta Xabier Ojinagak zuzendutako sei atalen ekoizpenak kontrol digitalak eta distantzia sozialak markatutako konfinamendu berri baten erretratua egiten du. Bertan Amaiak, online lan egiten duen psikologoak, arauak ez jarraitzea erabakitzen du: araua distantzia bada, bere erantzuna kontaktua izango da. Topaketa klandestinoen bidez, desira ikerketa-metodo bihurtzen du, gero eta urrunago eramanez, plazera, arriskua eta kontrola nahasten hasi arte. Gorputzak teoriari eusteari uzten dionean, benetako borroka ez da sistemaren aurka... baizik eta norberaren aurka. Aia Kurse eta Jon Ander Urresti dira telesail honetako protagonistak, eta Nerea Mazok, Kepa Errastik, Sambou Diabik eta Aritz Kortabarriak ere hartzen dute parte.
Ekimen honen serie guztiak PRIMERAN plataforman estreinatuko dira aurtengo udazkenetik aurrera. Ekimen berri honekin, EITBk aukera eman nahi izan die euskal talentu sortzaile berriei euskarazko fikziozko serieen proiektuak garatu eta ekoizteko. Lan hauek Iraupen laburrekoak dira, eta euskarri eta plataforma digitaletan kontsumitzeko diseinatu dituzte.

