EITB TALDEA
Fantasiazko thrillerra
"Piztiak" EITBren euskarazko fikzio berria estreinatu du PRIMERANek gaur
EITB
Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek zuzenduta, fantasiazko thrillerra eta landa giroko drama uztartzen ditu, eta baserri batean ezkutuan dagoen familia-sekretu ilun bat du oinarri. Euskarazko fikzio seriatua indartzeko 'Formatu txikiak, Talentu berriak' deialdiaren barruan sortutako lana da.
-
"Piztiak" telesail berriaren aurkezpena Tabakaleran
EITBren eskutik, "Piztiak" suspensezko euskarazko telesail berriaren aurrestreinaldia egin da astearte honetan Donostiako Tabakaleran. Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek zuzenduta, Iraia Elias eta Iñigo Aranbarri aktoreak ditugu bertan protagonista, Miren Gaztañaga, Olatz Ganboa, Nora Naranjo, Yune Nogueiras, Erika Olaizola, Xabier Jabato Lopez, Urko Redondo, Zorion Eguileor, Sambou Diaby eta Xanti Aguirrezabala antzezleekin batera, besteak beste.
Karmenek ez du izpirituetan sinesten, haren familia-baserria, urte luzez, sineskeria eta mamu-istorioez inguraturik egon arren. Ekiñek, iloba gazteak, ganbaran aurkituko duen kutxak guztia aldatuko du. Aurkikuntzaren ostean, iraganean galdutzat zituen pertsonak gerturatuko dira Karmenen bizitzara, eta hauekin batera, argitara atera beharreko antzinako familia-sekretua. Puzzlea osatzeko beharrezkoak diren piezak baserrira gerturatzen joango diren pertsonaiek emango dizkiote Karmeni. Etxe batek jaso ote dezake antzina gertatutako ezbehar baten mina? Eta horrela balitz, lortuko ote du Karmenek askatzea?

25-30 minutuko sei atalek osatzen dute lana. Lehen hirurak proiektatuko dira Donostiako Tabakaleran. Ondoren, gaurtik aurrera izango da telesaila ikusgai PRIMERAN streaming plataforman: aste honetan lehen hiru atalak eta hilaren 30ean gainerako hirurak.
Goizean, telesail berria aurkezteko prentsaurrekoa egin da Kultura Garaikidearen Donostiako Zentroan bertan. Han izan dira Gorka Garcia EITBko Arte eta Entretenimendu zuzendaria; Iraide Muga, PRIMERANeko arduraduna; Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez fikzioaren zuzendariak; eta telesaileko hainbat aktore.
Prentsaurrekoaren irudia
Fantasiazko thrillerra eta landa giroko drama nahasten dituzten sei istoriok osatzen dute "Piztiak", suspenseak eta naturaz gaindi dagoen horrek elkarrekin bidaiatzen baitute istorio honetan. "Errealismo magikoa, krudeltasuna, ironia eta komedia beltza bidelagun, pertsonaien alde basatia eta askea azaltzea da nahia", egileen hitzetan, eta "emakumeen ahalduntze prozesuen inguruko hausnarketa" ere bada.
Lantalde teknikoan Xanti Salvador, Andrea Saenz, Nagore Eceiza, Nerea Torrijos, Miriam Becerra, Lander Castro, Alain Martinez eta Iñaki Gereñu aritu dira; eta soinu bandaren egileak dira Eñaut Gaztañaga (Ezpalak, Grises) eta Alejandro Orbegozo (Ke Lepo, Grises). Beste hainbat musikarik ere jarri dituzte abestiak (MICE, Sara Zozaya, Rodeo eta Txatar, besteak beste). Ospel Films ekoiztetxe azpeitiarrak eraman du aurrera Amancay Gaztañagaren ideia originala, Yara Vergara produkzio buru dutela. Istorioaren naturaz gaindiko izaerak VFX teknika berriak jarri ditu mahai gainean, orain arte euskara hutsean ekoitzitako telesailetan gutxi edo oso gutxi ikusi diren teknikak erabilita.
Formatu txikiak, Talentu berriak
Iraupen laburreko euskarazko fikziozko serieen ekoizpena bultzatzeko asmoz, Formatu txikiak, Talentu berriak deialdia jarri zuen martxan EITBk, euskarri eta plataforma digitaletan kontsumitzeko, hurbileko eduki berriak sortzeko eta euskal talentu eta sormen berria sustatzeko.
Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendariaren hitzetan "EITBrentzat estrategikoa da euskarazko fikzio seriatuaren alde egiten jarraitzea, eta etorkizuneko erronkei aurre egitea euskal ekoizpen independentearen bidez. Horregatik, deialdi berri hau aukera bikaina da proiektu berriak identifikatzeko eta, zerbitzu publiko garen aldetik, ahots, istorio eta ikuspegi berriei aukera emateko. Gainera, enpresa ekoizle txiki eta ertainek esperientzia hartu ahal izango dute etorkizunean maila handiagotako ekoizpenetan murgiltzeko".
Hain zuzen ere, egitasmo horren emaitzetako bat da PRIMERANen estreinatuko den "Piztiak" telesail berri hau, eta deialdiko hurrengo ekoizpenen estreinaldiak datozen hilabeteetan izango dira.
FITXA TEKNIKOA:
Zuzendaritza: Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez
Antzezleak: Iraia Elias, Iñigo Aranbarri, Yune Nogueiras, Olatz Ganboa, Xabier Jabato, Urko Redondo, Erika Olaizola, Miren Gaztañaga, Zorion Eguileor, Sambou Diaby, Xanti Agirrezabala…
Gidoilaria: Amancay Gaztañaga
Produkzio burua: Yara Vergara
Muntaia: Lander Castro
Soinu banda: Eñaut Gaztañaga eta Alejo Orbegozo
Generoa: Thrillerra, Drama, Fantasia
Ekoiztetxea: Ospel Films / EITB Media
Ekoizpen-urtea: 2025

