Itxi

telebista

Sail dokumentala

"Euskal Herria Hegan: Araba, naturaleza mágica" aurrestreinaldi handia, gaur, FesTVal jaialdian

Ekitaldian izango ditugu Félix Linares, airetik egingo dugun bidaia ikusgarri honen ahotsa, eta Süneren zuzeneko musika. Ohiko alfonbra laranjaren ondoren, emanaldia 20:30ean hasiko da, Gasteizko Europa Jauregian. Gonbidapenak Radio Vitoriako egoitzan daude eskuragarri.

  • "Euskal Herria Hegan", Arabako lautadako irudi bat

    "Euskal Herria Hegan", Arabako lautadako irudi bat. Argazkia: EITB Media

Gaur, irailak 11, "Euskal Herria Hegan: Araba, naturaleza mágica" estreinatuko du EITBk Gasteizko FesTVal jaialdian, Arabari eskainitako atal ikusgarria. Izan ere, hilabete honetan bertan gure herria airetik erakutsiko digun bidaia ahaztezina dakarkigu ETB2k: "Euskal Herria Hegan. Una mirada desde el aire" sail dokumentala, Félix Linares kazetariaren ahotsean.

Fernando Velázquezek konposatu du jatorrizko soinu-banda, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretatu. Atal bakoitzean, gainera, euskal artista ezagunen zuzeneko emanaldiak izango dira, besteak beste, Olatz Salvador, Tom Lizarazu, Huntza, Izaro, Janus Lester, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Maren, Xabi Solano, Amak, Neomak, Kalakan, Anne Etchegoyen, Urtz eta Sorotan Bele.

Araba: naturaleza mágica, pantaila handian

Telebistako estreinaldiaren aurretik, eta Gasteizko telebista jaialdiaren testuinguruan, Araba: naturaleza mágica atalaren aurrestreinaldia egingo da, pantaila handian. Arabako txoko berezi eta ezezagunetako batzuk erakutsiko dizkigute: Maroñoko urtegitik abiatuko gara, Gorobel mendilerroa uretan islatuta, eta Lamioxin urmael misteriotsua eta haren kondairak, baita Arreoko lakuaren sekretua ere. Txarlazo mendiaren gainetik hegan egingo dugu, eta Delikako arroila ikusgarrian eta Goiuriko ur-jauzian sartzeko aukera eskainiko digu bidaia berezi honek, natura, historia, kultura, tradizioak eta kondairak uztartuz.

Huntza taldea Añanako Gatzagetan arituko da, eta Amak taldeak, berriz, Sorginetxe eta Aizkomendi trikuharrietan eskainiko du emanaldia. Hain juxtu ere, ostiral honetan Arabako hiriburuko Europa Jauregian egingo den proiekzioan Süneren zuzeneko musikaz gozatu ahalko dugu, eta Félix Linares bera izango dugu aurkezle lanetan, 20:30ean hasita. Aurretik ohiko alfonbra laranja eta photocalla egongo dira.