Itxi

EITB TALDEA

Administrazio Kontseilua

Eduardo Barinaga, ETBko zuzendari berria

Erredakzioa

Pello Sarasolaren hutsunea beteko du Barinagak, eta asteazken honetan bertan hasiko da lanean.

0:45

Eduardo Barinaga ETBko zuzendari izendatzearen berri eman die Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluko kideei astearte honetan, uztailaren 22an, izan den bileran.

Zine, telebista eta animazio munduan ibilbide luzea du Barinagak. Bihar bertan lanean hasiko da, eta udaberrira arte jardunean aritu zen Pello Sarasolaren hutsunea beteko du.

Berehala jarriko da harremanetan Barinaga ETBko zuzendaritzako kide eta gainontzeko profesionalekin, elkar ezagutzeko. Euskal ikus-entzunezko sektoreak, halaber, alorra oso ondo ezagutzen duen zuzendaria izango du eskura.

Albistegietan lider den telebistaren zuzendaritza hartuko du Barinagak. Euskarazko programazioa sendotzea eta aktualitatean eta entretenimenduan euskarazko eta gaztelaniazko publiko zabalarentzat erreferente izatea dira telebista honen erronkak .

Estatuan ikus-entzunezko sektore publikoan ondoen kokatuta dauden telebisten artean dago Barinagak gidatu behar duen telebista. ETBk %13ko audientzia izan du 2013/2014 denboraldian. Kateak gastu eta sarreren arteko orekari eusten dio, banku-zorrik gabe, eta baliabideak zintzo eta garden kudeatzeko konpromisoa du.

Ibilbidea

Bilbotarra jaiotzez, onarpen eta ospe handiko profesionala da Barinaga ikus-entzunezkoen arloan. Urteetan egindako lanek oihartzun zabala izan dute bai euskal esparruan baita estatuan zein nazioartean ere.

Ezkonduta dago, eta bi seme-alaba ditu. Irakasle ikasketetan diplomatua eta informazio zientzietan lizentziatua da. Eusko Jaurlaritzako Ikus-entzunezko Medioen arduran hasi zuen bere lana. Ondoren, ETBn umeei zuzenduriko saioak egiten hasi zen, hala nola Ikus-ikasi edo Bilin-Bolonka. Megavideo produkzio-etxearen kudeatzaile izan zen, eta Baleuko ekoiztetxea sortu zuen. Azken honetan ziharduen gaur egun.

Ume eta gazte publikoari begira hainbat eduki sortu ditu. ETBren istorian ikur izan diren hainbat saio bultzatu eta zuzendu ditu (Superbat, Euskaraokea edo Betizu), baita Olentzero seriearen filmak ere.

Dokumentalen bidea ere jorratu du: La Transición en Euskadi, La Guerra Civil en Euskadi, Zabalaga, El jardín del genio, Oteiza, 1908-2008? y sigo, La Historia del ciclismo vasco, De Gernika a Mahausen, besteak beste.

Zinemaren arloan ere, Izarren argia, Amaren eskuak edo Gernika bajo las bombas TV movie-a ekoitzi ditu Barinagak.

Telebista saioei dagokienez, Jaiak, Políticamente incorrecto, Egin kantu, Ordu txikitan, Debatea edo Txikon Xtreme ekoizpenak ageri dira ETBko zuzendari berri izango denaren ibilbidean.

Animazioaren arloan aritu izan da batez ere Edu Barinaga. Egin dituen azken lanen artean ondorengoak daude: Italia eta Frantziarekin elkarlanean egindako Blackie & Kanuto, Indiarekin batera egin duen The Wish Fish eta DRAFTOON argentinarrarekin batera egindako Blackie & Company. Azken hori TVErako egin du, eta 26 kapitulo ditu. Nazioarteko ekoiztetxeekin elkarlanean egindako lanen zerrenda, ordea, zabalagoa da. Olentzeroz gain, Unibertsolariak, Betizu eta Megasonikoak aurki daitezke zerrenda horretan.

Edu Barinagak egin dituen azken lanak Goazen gudari danok dokumentala eta A escondidas filma dira. Datorren udazkenean estreinatuko dira bi lan horiek.