EITB TALDEA
Ikerketa tesia
Euskal Telebista, euskararen normalizaziorako tresna eraginkorra
EiTB
Ikerketa batek erakutsi du ETBk berealdiko eginkizunak betetzen dituela euskararen sustapenaren alderdi guztietan.
-
Asier Larrinaga, EiTBko Euskara Zerbitzuaren burua
Euskal Telebistak eginkizun oso garrantzitsuak bete ditu eta oraindino ere betetzen ditu euskararen normalizazioan alderdi guztietatik begiratuta. Hala jasota dago Euskal Telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan izeneko tesian, Asier Larrinaga EiTBko Euskara Zerbitzuaren buruak defendatu duena maiatzaren 8an Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Fakultatean. Epaimahaia Miren Azkarate EHUko katedradunak, Elixabete Pérez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta Javier Díaz Noci Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak osatu dute. Tesiaren zuzendariak Agurtzane Elordui eta Igone Zabala EHUko irakasleak izan dira.
Euskal Telebista 1982. urtean sortu zen, eta urte hartako Gabon Zaharrean egin zuen lehen emanaldia. Harrezkero, euskal herritarren eta euskalgintzako eragileen artean iritzi zabaldua da ETB nahitaezkoa dela euskarak bizirik irauteko, eta Asier Larrinagaren ikerketa berriak iritzi horri eusten dioten datu ugari bildu ditu.
ETBk balio sinboliko oso handia izan du lehenengo momentutik, eta euskara prestigiatu egin du. Funtsezkoa izan da, batetik, egungo munduan euskaldunak euskaraz informatu, hezi eta entretenitu daitezkeela frogatzeko, eta, bestetik, euskaldun-komunitatea egungo munduko beste edozein kultura bezain garatuta dagoela erakusteko. Horrekin batera, hiru euskal erkidegoek aitortzen, babesten eta partekatzen duten erakunde bakanetako bat da.
Larrinagaren azterketan frogatu denez, hedabide modura, Euskal Telebista nahitaezkoa izan da euskarak komunikazioaren arloa konkista zezan. Hasteko, Euskal Telebista eta, berarekin batera, Euskadi Irratia eta EiTB osoa berebiziko elementuak dira euskararen komunikazio-esparrua osatzeko. EiTB Taldeak, gainera, profesionalizaziora bultzatu du euskarazko komunikazioa, eta euskararen eremu osoko irismena eman dio irratiaren eta telebistaren arloetan. Mende berrian, ETBk ingurune digitalera eraman du euskarazko telebista Nahieran plataformarekin, Hiru3 eta Gaztea Interneteko kanalekin, eta Hiru3, Gaztea eta Go!azen app-ekin. Era berean, Euskadin euskarazko ikus-entzunezko produktuak ekoizten eta merkaturatzen dituen industria bat existitzea ETBri zor zaio. ETBk sustatu zuen industria hori sortzea eta, hein handi batean, ETBren programazioak eusten dio orain.
Euskarari berari dagokionez, Euskal Telebistak —Euskadi Irratiarekin batera— hizkuntza modura garatzen lagundu dio. Izan ere, ETBk rol erabakigarria izan du ahoskera batuaren garapenean eta, geroago, Euskaltzaindiaren ahoskera-arauaren prestaketan hartu du parte. Euskara Batuaren lexikoa arautzeko orduan ere, erabakigarria da ETBren —EiTB osoaren— ekarpena, beraren testuak Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokian jasotzen baitira.
Ildo beretik, azpimarratzekoa da euskararen hainbat hizkera eta erregistroren garapenean ETB lehen lerroko eragilea dela. Euskara informatiboaren kasuan, zalantza barik, baina baita beste batzuetan ere, adibidez, euskara batu kolokialean, edo euskararen terminologia teknikoan, Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordearen lanetan parte hartuz.
Euskal Telebista, horrez gainera, euskararen ikaskuntza sustatzeko bitarteko garrantzitsua da. Euskararen ezagutza zabaltzeari eta indartzeari dagokionez, lehenik eta behin, ETBk —Euskadi Irratiarekin batera— euskal gizarte osoan egin du ezagun euskara estandarra, hots, euskara batua. Bigarrenik, euskara ikasteko eta hobetzeko saioak ekoitzi ditu eta, hirugarrenik, euskaltegien esku utzi ditu bere saioak eta testuak ikasmateriala sor zezaten.
Arlo profesionalean, ETB —EiTB Talde osoa— eskola garrantzitsua da komunikatzaile euskaldunentzat. Taldeko kazetariei, beste hedabide batzuetakoei nahiz unibertsitatean ari diren ikasleei zuzenduta, ekimen eta baliabide ugari prestatu ditu, besteak beste, eskuliburuak, HIKEA datu-base lexiko-terminologikoa, etengabeko formazioa, hasiberrientzako ikastaroak eta master bat (Multimedia Komunikazioa masterra, 2009tik UPV/EHUrekin batera antolatzen duena). Beste arlo batzuetako profesionalentzat, berriz, beraien euskara garatzeko eta hobetzeko suspergarria da ETBn lan egiteko zein ETBren saioetan parte hartzeko aukera.

