EITB TALDEA
Kanpaina informatiboa
'Nola aterako gara honetatik?', EiTB Taldearen kanpaina informatiboa
EiTB
ETBko, Radio Euskadiko, Euskadi Irratiko, Radio Vitoriako eta eitb.eus-eko albistegi eta saioek osasun krisiaren ondorioak aztertuko dituzte eta etorkizunaz arituko dira.
-
'Nola aterako gara honetatik?' EiTBko kapaina informatiboaren irudia
EiTB komunikazio-taldeak Nola aterako gara honetatik? kanpaina informatiboa jarri du abian, koronabirusak sortutako osasun krisiaren ondoren datorkigun etorkizuna aztertzeko. Ekainaren 8an hasita eta datorren igandera arte, ekainak 14, taldeko hedabide guztiak (irratia, telebista eta Internet) pandemiaren ondorioei buruz arituko dira eta egoera horri guztion artean nola aurre egin beharko diogun aztertuko dute.
Gai ugari izango dituzte lantzeko, tartean, gure ekonomian izandako kalte nabariak, industria biosanitario hasiberriak dakartzan aukerak edota krisiak bultzatutako turismo-eredu desberdinak. Bestalde, datozen aldaketei buruz esparru sozial eta kulturaleko pertsona ospetsuek egindako hausnarketak jasoko dituzte. Gainera, gure hiri-ereduak sakon aztertuko dituzte eta herritarrentzako bizigarriagoak eta atseginagoak bihurtzeko zer-nolako eraldaketak beharko lituzketen azalduko dute.
EiTBk azken aste hauetan guztiz irauli den eguneroko bizitzaren alderdi ezberdinei buruz gogoeta egin nahi du, eta, horrez gain, krisi honek uzten dizkigun aukerei buruz ere hitz egin nahi du. Nola aterako gara honetatik? lelopean, gai horiek guztiak eta bidean suerta daitezkeenak jorratuko dira albistegietan eta ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta eitb.eus hedabideetako saioetan.
Euskal Telebista
"Egun On Euskadi", "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan, ekonomia jorratuko dute astelehenean, ekainak 8, krisi sanitarioak enpleguan izan dituen ondorioak eta gehien jo dituen jarduera ekonomikoak nola errekuperatuko diren. Asteartean, osasunari lotutako enpresengan jarriko dute arreta, eta, asteazkenean, bidaiatzeko eta turismoa egiteko modu berriei erreparatuko diete. Ostegunean eta ostiralean, hirien, etxebizitzen eta espazio publikoen berrantolaketaz arituko dira, eta, larunbatean, berriz, telelana eta bulegoen eraldaketa aztertuko dute.
"En Jake" eta "QMEC" aktualitate saioek, hasteko, denda txikien egoera zein den jakingo dute gaur. Ostegun eta ostiralean, berriz, gure hirien diseinua eta mugikortasuna nola aldatuko den aztertuko dute adituekin.
ETB1eko "Eztabaidan" saioan, merkataritzaren gaia landuko dute, ekoizleen ikuspegitik. Horretarako, Kepa Agirregoikoa artzainarekin erreportaje bat egingo dute: Gernikako plazan saltzen ditu bere produktuak, hala nola esnekiak, gazta eta jogurtak. Bestalde, Ereindajan elkarteko kide bat elkarrizketatuko dute Skype bidez: Debagoienean, bertako kontsumo eredua bultzatzeko eta nekazaritza eredu ekologikoa bultzatzeko sortutako elkartea da Ereindajan. Asteartean, berriz, hirigintzari eskainiko diote atala. Covid-19aren osteko etxebizitzak eta horien diseinuak nolakoak izango diren jorratuko dute Anartz Ormaza arkitektoarekin.
EiTB Irratia
Euskadi Irratian, astearteko "Baipasa" saioan, turismo-eredu berriei buruz mintzatuko dira Donostia Turismoko ordezkariekin, baita etxebizitza turistikoak eta luxuzko turismoa sustatzen duten enpresetako ordezkariekin ere. Asteazkenean, "Faktoria" magazinean, udan bisitatu ahal ditugun gertuko paraje turistikoak ezagutuko dituzte: Irrisarri Land, Gesaltzako Gatz Harana eta Sopuertako mendi tourra. Ostiralean, itxialdiaren ostean abian jarriko den kultur programazioaz arituko dira.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioak ekonomia, kultura eta zientzia arloko ordezkariak izango ditu aste osoan zehar. Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko zuzendariarekin abiatu dute astea. Asteartean, Edurne Portela idazlea elkarrizketatuko dute, eta, asteazkenean, berriz, Francis, Doctor Deseo taldeko abeslaria. Ostegunean, Sara de la Rica Ekonomia katedraduna izango dute gonbidatu, eta, ostiralean, berriz, Iker Villa eta Fariba Sheikhan aktoreak.
Gaur bertan, "Ganbara de Cerca" tartean, ekonomia-solasaldia izango dute Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoarekin eta Mari Paz Espinosa UPV/EHUko Ekonomia katedradunarekin. Krisiari nola aurre egin aztertuko dute.
Ostegunean, automobil-industriari buruzko saio berezia egingo dute Mikel Palomera SEAT enpresako zuzendari nagusiarekin eta Euskadiko Automobilgintza Klusterreko ordezkari batekin, besteak beste.
Radio Vitorian, asteartean, gertuko ekonomiari begira jarriko dira, hurbilen ditugun merkataritza eta ostalaritza establezimenduen etorkizuna nolakoa izango den jakin nahian. Zenbait denda, taberna eta jatetxe bisitatuko dituzte unitate mugikorrarekin, eta elkarte ezberdinetako kideak hartuko dituzte estudioan. Ostegunean, turismoa jorratuko dute, Arabako Errioxan eta mendialdeko landetxeek bizi duten egoera ezagutarazteko.
Astean zehar, gainera, Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako presidenteorde eta Gasteizko Mercedes-Benz enpresako zuzendari Emilio Titos elkarrizketatuko dituzte, automobilgintza-arloa nola dagoen jakite aldera.
Internet
Nola aterako gara honetatik? informazio-kanpainaren barruan, irratian eta telebistan sortuko diren eduki guztiak eitb.eus-en jarriko dira erabiltzaileen eskura, noiznahi eta nonahi ikusi eta entzuteko moduan. Gainera, koronabirusaren krisiari eskainitako atari berezian, gaiaren egunez eguneko kontakizuna egiten jarraitzen du EiTBren webguneak.

