Itxi

EITB TALDEA

EITBPodkast

Entzungai da jada "Artxipelagoa": audio fikzio serie apokaliptikoa

EITB Media

EITBPodkast plataforman izango da entzungai urriaren 4tik aurrera. Aitziber Garmendia (Jare), Eneko Sagardoy (Iker), Anartz Zuazua (Nizar), Iñaki Beraetxe (Aitor), Sara Cozar (kapitaina) eta Klara Badiola (Muñoz) protagonista dituen fikzioa da.

  • Artxipielagoa.

    Artxipielagoa.

"Artxipelagoa" zortzi ataleko soinu-fikzio distopikoa da. EITBPodkast plataformarako Ulu Mediak ekoitzitako telesaila da, eta entzungai da jada. Proiektu honetan teknologia binaurala erabili da; beraren bitartez entzulea ekintza gertatzen den espazioan kokatzen da, soinuz inguratuta, esperientzia murgiltzaile bihurtuz. 5.1 audioan nahastu den eta zinema batean estreinatuko den lehenengo audio fikzioa da. EITBPodkastera iritsi aurretik, ostegunean (irailak 30) "Artxipelagoa"ren aurrestreinaldia izan da Kursaaleko Ganbera aretoan.

'Artxipielagoa' fikzioaren grabazioa

"Artxipelagoa" fikzioaren grabazioa

Etorkizun hurbilean, kontinenteen zati handi bat urpean geratu da, tartean Europa gehiena. AEBko presidenteak Alaskan sustatutako petrolio-ustiaketarako findegi erraldoiek eta Saudi Arabiak Antartikotik eramandako izotz zatiak, azken bultzada eman diote lurraren beroketari eta glaziarren eta Poloen bat-bateko urtze lasterrak itsasoaren maila igotzea eragin dute hondamendia eta nahasmendua sortuz.

Tsunami moduko igoera honek ez du soilik herrialde osoak urpean geratzea eragin, baizik eta domino-efektu bizkor batean, telekomunikazioak, nekazaritza eta energia produkzioa ezereztatu ditu. Bizirik irautea lortu dutenek baliabide urriko eszenatoki berri eta zatitu batean mugitu behar dute. Euskal Artxipelagoan bizi den Jare neska gazteak baditu baikorra izateko arrazoiak hala ere. Batetik, urpetze aurreko munduari buruzko gauza harrigarriak kontatzen dizkion aitonarekin bizi delako.

Eta bestetik, ur-azaletik gertu geratzen diren behialako mendi tontorretan burdin zatiak topatzeko trebezia duelako. Nahiz eta bere bilatzaile gaitasunak, ustekabean, azpijoko arriskutsu batean murgilaraziko duen.

Ideia originala Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriarena da. Aranzabalek (kazetaria, musikaria, zinemagilea) proiektua Juan G. Andresekin (kazetaria eta argazkilaria) batera zuzendu eta ekoitzi du. Gidoia Xabier eta Martin Etxeberria anaiena da (idazleak eta gidoilariak) eta grabazioaz eta audio diseinuaz Xanti Salvador (Goya Saria La trinchera infinita filmagatik) eta Koldo Corella arduratu dira.

Talde artistikoan euskal interpretazioaren izen nagusiek parte hartu dute: Aitziber Garmendia (Jare), Eneko Sagardoy (Iker) eta Anartz Zuazua (Nizar), besteak beste. Beste protagonistak Iñaki Beraetxe (Aitor), Sara Cozar (kapitaina) eta Klara Badiola (Muñoz) dira. Soinu banda originala Rafa Ruedak eta Aritz Aranburuk egin dute. Kartela eta arlo grafikoa Xabier Sagastak egin ditu.

Aitziber Garmendia, Anartz Zuazua eta Eneko Sagardoy.

Aitziber Garmendia, Anartz Zuazua eta Eneko Sagardoy.

Ulu Media

Ulu Media (ulu.eus) 2020. urtearen amaieran jaiotako ekoiztetxea da. Kazetaritzan, literaturan eta zineman eskarmentu handia duten bost lagunek osatzen dute: Oier Aranzabalek, Xabier eta Martin Etxeberriak, Cristina Tapiak eta Juan G. Andresek.

"Istorioak kontatzea erraza da. Ondo kontatzea da zaila. Istorio onak kontatzeagatik bereizten gara: fikziozko kontakizunak, gertatu denari buruzko erreportajeak edo gerta daitekeenari buruzko ikerketak, baina beti, entzutea merezi duten istorioak".

EITBPodkast euskarazko podcastgintzan erreferente

Apirilean sortu zen EITBPodkast plataforma, gizarteak komunikabideak baliatzeko dituen joera berriei erantzuteko, eta euskarazko podcastgintzaren erreferente izateko. EITBko irratien eskaintza nahieran, gizartearen eskura eta erraz jartzea izan da helburu nagusietako bat. Halaber, aliantzak eraiki ditu EITBk proiektu honekin, euskarazko edukien biltoki izan eta eskaintza oparoa eta askotarikoa osatzeko. Hartara, irratietako edukiak ez ezik, eta astelehenean estreinatuko den "Artxipelagoa"rekin batera, audioliburuak argitaratu ditu EITBPodkastek.