EITB TALDEA
Ukraina lagundu
EITB Ukrainarekin
EITB Media
Gerraren ondorioak pairatzen dituzten ukrainarrei laguntzeko, Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakunde nagusiek bultzatutako ekimenekin bat egin du EITBk.
-
EITB Ukraniarekin
Gerraren ondorioak pairatzen dituzten ukrainarrei laguntzeko, Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakunde nagusiek bultzatutako ekimenekin bat egin du EITBk. Hartara, Eusko Jaurlaritzako Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren babesarekin, GKE horien ekintza solidarioetan laguntzera animatzen du euskal gizartea eta garatzen diren ekimenei zabalkundea emango die bere hedabide guztietan.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak helbide elektroniko bat ireki du, herritarren harrerarako egiten ari diren eskaintza partikular guztiak antolatu eta koordinatzeko. Interesdunek helbide honetara jo dezakete: errefuxiatuak@euskadi.eus
Herritarrek laguntza emateko, Ukrainian eta herrialdeko mugetan lanean ari diren gobernuz kanpoko erakunde nagusiak honako hauek dira:
Larrialdi humanitario honetan, Save the Childrenek haurrak eta haien familiak babestea du helburu nagusi, mugetan errefuxiatuentzako harrera-sare bat sortuz, funtsezko laguntza humanitarioko kitak eta oinarrizko premiak asetzeko baliabideak emanez. Gainera, errefuxiatuei laguntza psikologikoa ematen diete, batez ere txikienei, krisi-egoera horrek eragin ditzakeen ondorioak eta traumak arintzen laguntzeko.
Acción contra el Hambre erakundearen lantaldea martxoaren 2tik ari da larrialdi humanitarioari erantzuten. Ukrainako gerratik 3 milioi pertsona baino gehiagok ihes egin duten honetan, herritar hauen premia larrienei laguntza ematen ari dira, elikagaiekin, berokiekin, gurpil-aulkiekin eta arreta psikologikoarekin.
Era berean, Ukrainako Caritasen lanari laguntzeko egindako deiarekin bat egin du Caritas Bizkaia erakundeak. Deialdi horren helburua da gatazkan dauden pertsonei elikagaiak, edateko ura, ostatu segurua eta higiene-kitak erraztea, bai eta garraio segurua bermatzea ere, pertsona zaurgarrienak euren senide eta gertukoenekin bildu eta eremu seguruetara sartu ahal izan daitezen.
Médicos del Mundo erakundea ere Ukrainan dago, herritarrei laguntza medikoa emateko, eta nazioarteko langileak birkokatzen hasi da ukrainarrei arreta medikoa herrialde barruan eta kanpoan emateko.
Aldi berean, Alboan Elkarteak, Entreculturasekin eta Xavier Sarearekin batera, larrialdi protokoloa aktibatu du, Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeetan errefuxiatuei arreta, harrera eta laguntza emateko.
Bestalde, ACNUR erakundeak tokian bertan jarduten du Ukrainako eta haren mugetatik kanpo dauden herritarren artean babesa eta larrialdiko materiala banatzeko. Halaber, autoritateekin, Nazio Batuen Erakundearekin, barne-desplazatuen komunitatearekin eta Ukrainako beste kide batzuekin lan egiten du erantzun bat planifikatu eta ahalegin humanitarioetarako segurtasuna eta sarbidea bermatzeko.
Azkenik, UNICEFek Ukrainan lan egiten du, arreta haurtzaroan jarriz; izan ere, herrialdean gatazka areagotu ondoren 7,5 milioi haur arriskuan daudela ziurtatzen du. Edateko ura eta osasun eta higiene hornidurak bermatuz eta egoera bidegabe hori jasaten ari diren haurrei arreta psikosoziala emanez lan egiten ari dira.

