Itxi

EITB TALDEA

Denboraldi berria

EITBko albistegiek kurtso berriari ekingo diote nobedadeekin eta lidergoari eutsiz

EITB Media

ETB1eko albistegiek plato ikusgarria estreinatuko dute, eta aurpegi berriak izango dituzte aurkezleen artean: Odei Esnaolak eta Olatz Foruriak aurkeztuko dute "Egun On Euskadi", eta Nerea Reparazek "Gaur Egun" albistegiaren bigarren edizioa gidatuko du.

  • EITBko albistegi taldea.

    EITBko albistegi taldea.

Audientzia liderrak eta euskal gizartearentzat erreferente izateko asmoz abiatuko dute denboraldi berria EITBko albistegiek, horretarako, edukiak eta irudia zainduz. Elisabet II.aren heriotzaren jarraipen bereziak emango dio hasiera kurtso berriari, baina egoera eta baldintza ekonomikoek zein politika gaiek -maiatzean ospatuko diren Udal eta Foru hauteskundeak barne– ezarriko dute urteko gaurkotasunaren erritmoa.

ETBko albistegiak

Telebistako albistegiek hainbat berrikuntza izango dituzte aurkezleen artean, baita irudi aldetik ere. Iaz "Teleberrik" estreinatu zuen platoa, eta aurten, "Gaur Egun" eta "Egun On Euskadi" saioen txanda da. 13 metro baino gehiagoko luzera eta 2,5 metroko altuera duen pantaila nagusi bat eta beste hiru pantaila bertikal izango ditu plato berri eta ikusgarri horrek, eta irailaren 12tik aurrera estreinatuko dute. Azken hamar urteetan lidergoa mantendu duten albistegien irudia indartzeko jauzi kualitatibo nabarmena da.

Bestalde, ETB1eko albistegietan, aurkezle aldaketa egongo da: Odei Esnaolak eta Olatz Foruriak gidatuko dute "Egun On Euskadi" tartea, eta Nerea Reparaz iluntzeko "Gaur Egun" saioan arituko da. Lehen edizioan, Xabier Usabiagak jarraituko du aurkezle lanetan, eta asteburuetan, Jonan Apaolazak.

ETB1eko albistegiek aurten lortu dituzten datu historikoak hobetzeko helburua izango du profesional taldeak. 2022ko urtarriletik abuztura, "Gaur Egun"ek % 9,6ko audientzia zatia lortu du euskaldunen artean, 2007tik eskuratzen duen urteko daturik onena.

Albistegietako aurkezleak.

ETBko albistegietako aurkezleak.

ETB2n, Africa Baeta, Juan Carlos Etxeberria eta Xabier Ormazabal aurkezleak izango dira "Teleberri" albistegiaren hiru edizioetako aurkezleak, eta denboraldi berri honetan ere, lidergoari eusteko asmoa dute. "Teleberrik" % 18,1eko audientzia zatia lortu du 2022an, bataz beste.

Bestalde, Amaia Uribe Euskal Herrira itzuliko da laster, eta Yerai Diaz Ikaran izango da New Yorkeko korrespontsal berria.

Albistegiak irratian

Radio Euskadin, aurreko denboraldian bezala, Xabier Garcia Ramsdenek "Boulevard" saioa gidatuko du, eta Dani Alvarezek, "Crónica de Euskadi" tartea. Berrikuntza nabarmenena, "Ganbara" saioren aurrerapena da, 19:00etan hasiko da irratsaioa, Arantza Garciak zuzendu eta gidatuta. Halaber, Iratxe Martinez kazetariak hartuko du "Crónica del Fin de Semana" saioaren gidaritza.

Euskadi Irratiko albistegi tarteetan, Iñaki Guridi entzungo dugu goizeko "Faktoria" saioan eta Oihane Perezek jarraituko du "Mezularia" saioren aurrean. "Goizak Gaur" irratsaioa, bere aldetik, berrikuntzekin dator, Iñigo Alustizak gidatuko du saioa astegunetan, eta Eider Bilbaok, asteburuan.

Radio Vitorian ere, denboraldi berria nobedadeekin dator, Aratz Goikoetxeak "Radio Vitoria Gaur" zuzendu eta gidatuko du goizeko 08:00etatik 12:00etara, eta, harekin batera, Ismael Diaz de Mendibil arituko da. Bestalde, Marina de Vicentek "Araba Gaur 2" aurkeztuko du 19:00etan.

EITB Irratietako albistegi taldea.

EITB Irratietako albistegi taldea.

Elisabet II.aren heriotzaren jarraipen berezia

Elisabet II. erreginaren heriotzaren jarraipen bereziak emango dio hasiera kurtso informatibo berriari. Xabier Usabiagak eta Africa Baetak "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegien lehen edizioen aurkezleek Londresera bidaiatuko dute monarkaren heriotzaren ondorengo gertakariak eta haren omenezko ekitaldien gaineko informazio guztia zuzen-zuzenean emateko.

Bestalde, Nerea Sarriegik Londresko azken orduaren berri emango du Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitorian.

EITBren jarraipen informatiboa osatzeko, bertan egongo dira Ane Roteta eta Olatz Simon korrespontsalak ere.

África Baeta eta Xabier Usabiaga Londresen.

Africa Baeta eta Xabier Usabiaga Londresen.