EITB TALDEA
EITBPodkast
EITBPodkast atariak Euskaraldiarekin bat egin, eta "Zapla!" podcast berria estreinatu du
EITB Media
Monika Belastegi eta Juankruz Lakasta kazetariek gidatuta, podcast berriak Belarriprestentzako eta Ahobizientzako ariketak proposatuko ditu astero, Euskaraldiaren aurtengo aldiari ekiteko.
-
"Zapla!" podcastaren irudia.
Euskaraldiaren hirugarren edizioaren testuinguruan, hizkuntza ohiturak aldatu, eta euskarazko praktika linguistikoak indartzeko sortu den tresna berria da "Zapla!". Astearte honetatik aurrera (azaroak 1) dago entzungai EITBPodkast atarian eta, Monika Belastegi eta Juankruz Lakasta kazetariek gidatuta, Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izango diren ariketak proposatuko ditu astero.
Lau atal izango ditu eta bakoitzean gai nagusi bat landuko da. Hasteko, estres linguistikoa eta hizkuntza asertibitatea landuko dira, ikuspegi psikologikoa aztertuz. Bigarren atalean, hizkuntza hautua eta hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesua aztertuko da. Hirugarren atalean, hizkuntza portaerak landuko dira, asertiboki jokatzeko baliabide zehatzak eskainiz. Amaitzeko, laugarren atalean, hiztunen praktikarako gune babestuen sorrera aztertuko da.
Atal bakoitzean, era berean, hizkuntza hautua ardatz duen testigantza bana egongo da. Horretarako eremu ezberdinetan ari diren gonbidatuak izango dituzte, besteak beste, kazetariak, kultur sortzaileak eta unibertsitateko irakasleak.
Hizkuntza portaerei lotutako kontzeptuak lantzea da helburua eta, batez ere, baliabide praktikoak ematea. Horretarako, egoera errealak irudikatu eta tresna zehatzak eskainiko dira.
Podcasta Euskaraldiaren testuinguruan sortu den arren, epe luzean erabilgarri izateko helburua du. Bertan sortutako materiala baliagarria izan daiteke TELP tailerretan, euskaldunon ahalduntze eskoletan, Euskaltegietan eta eskoletan, baina baita hizkuntzaren gainean gogoeta egin nahi duen edozein herritarrentzat eta euskaltzaleentzat ere.
Euskaraldiaren helburua da euskararen erabilera handitzeko herritarren hizkuntza ohituretan eragitea eta herritar zein era guztietako entitateen hizkuntza praktiketan euskarak presentzia handiagoa izatea. Helburu hauek lortzeko oso garrantzitsua da herritarrei hizkuntza ohiturak aldatu, eta praktika linguistikoak indartzeko baliabideak eskaintzea. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituen edozein lagunek tresnak behar ditu, psikologiaren eremuko tresnak.
Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan bezala, aurtengo aldian ere, parte hartze zabala espero da azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean.

