Itxi

EITB TALDEA

Komikiaren Eguna

"Irabazi Arte" eta "Artxipelagoa" komikien bi ale berri, EITBren KomikiAPPan

EITB MEDIA

Komikiaren Egunarekin bat eginez, EITBren mugikorretarako aplikaziora igo dira 'Irabazi Arte: Inor ez da ilegala' komikiaren 2. atala, eta "Artxipelagoa"ren 1. denboraldiko 3. atala.

  • "Irabazi Arte" telesailaren komikia

    "Irabazi Arte" telesailaren komikia

Martxoaren 17an ospatzen den Komikiaren Egunaren karietara, KomikiAPP EITBren mugikorretarako aplikazioak eskaintzen dituen bi komikien ale berriak argitaratuko dira: batetik, Irabazi Arte: Inor ez da ilegala komikiaren "Hawa" izeneko 2. atala; bestetik, "Artxipelagoa"ren 1. denboraldiko "Ezkutuko bideak" izeneko 3. atala.

EITBPodkast atariko "Artxipelagoa" audio fikzioan oinarrituta, EITBk lehen denboraldia komikira eraman du. Joan den abenduko Durangoko Azokaren baitan zabaldu ziren lehenengo bi kapituluak, "Etsaiez inguratuta" eta "Ur nahasiak"; Komikiaren Egunarekin bat eginez, berriz, argitaratu da hirugarrena.

"Irabazi Arte" telesailaren bigarren denboraldia estreinatzearekin batera iritsi da komiki interaktibora Printzesak taldeko futbolarien istorio berri bat: Irabazi Arte: Inor ez da ilegala. Ekipoa buru belarri entrenatzen ari da partidak zelaian irabazteko, baita zelaitik kanpora ere. Kontzertuak, gaizki ulertuak eta dagozkien bizipenen erdian, euren adineko etorkin afrikarra ezagutuko dute. Nola lagundu ahal diote?

Abentura berri horretan, gizarte afera erreal batekin egingo dute topo Printsesek. Horrekin batera, haiek entzundako musikaz gozatu ahalko da komikia irakurri bitartean, euren inguruko galdetegiak erantzun eta abar, KomikiAPP barruan dauden produktuak interaktiboak baitira.

Iaz argitaratu zen lehen narratiban, Irabazi Arte: Iraganeko mamua, Printzesek etxetik kanpo jokatutako torneoaren nondik norakoak biltzen dira. Bidaia horretan, besteak beste, Irene Paredes futbol izarra ezagutzeko aukera izan zuten.

KomikiAPP Android eta iOS sistemetarako garatu da, eta Play Store eta APP Store dendetan sartuta jaitsi daiteke.