Itxi

EITB TALDEA

EITB, euskal futbolarekin

Athletic Club eta Osasunaren arteko Kopako bigarren finalerdia, gaur gauean, zuzenean, EITBn

EITB Media

ETB1ek, norgehiagoka zuzenean eskaintzeaz gain, saio berezia egingo du aurretik eta ondoren San Mames estadiotik. Halaber, finalerdiaren emozio guztia Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere bizi ahal izango da.

0:20
Errege Kopa

ETB1ek zuzenean eskainiko du gaur gauean Athletic vs Osasuna Errege Kopako itzulerako partida 21:00etatik aurrera. Bigarren finalerdiaren emozio guztia, gainera, EITB Taldeko irratietan ere bizi ahal izango da: Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, hain zuzen ere. 

Kopako finalerdiari eskainitako gau berezia prestatu du Euskal Telebistak. 20:30ean hasiko den atariko saioan, partidaren azken orduaz eta Bilboko kaleetan bizi den giroaz arituko da Jon Balenziaga kazetaria Gorka Iraizoz eta Mikel Arruabarrenarekin, San Mamesetik bertatik. Bi adituak izango ditu lagun Naxari Altunak norgehiagokaren kontakizuna egiteko; berdegunetik, berriz, Amane Ibañez eta Iñigo Lasa izango dira berriemaile. Neurketa amaitzen denean, saio bereziak jarraipena izango du gauerdira bitartean, finalerdiaren analisia egiteko eta protagonisten hitzak biltzeko. 

Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia" saio berezia Maitane Urbietak gidatuko du. Finalerdiaren kontakizuna egiteko lantaldea osatuko dute Haritz Gallastegik, Angel Garitano Ondarru-k, Juanan Larrañagak, Txema Añibarrok eta Nerea Zusberrok

Radio Euskadin, Alberto Negrok eta Rafa Agilerak egingo dute partidaren kontakizuna Eduardo Garciak Bilboko estudioetatik gidatuko duen "Kirol Gaua" irratsaioaren barruan. Komentario teknikoak egiteko Ander Alaña, Mikel Gonzalez eta Luis Fernando Dadie izango dituzte lagun. 

Bi euskal taldeen arteko hitzordu garrantzitsuari merezi duen arreta eskainiko dio EITBk bere hedabide eta euskarrietan, albistegi zein programetan. Hala, "Biba Zuek!" saioa Bilbotik egingo dute asteartean. Bertan, besteak beste, Jose Angel Iribar elkarrizketatuko dute Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak.

Aurtengo txapelketari egingo zaion jarraipen zabalak amaiera borobila izango du maiatzaren 6an Sevillan jokatuko den finalaren emanaldiarekin.