EITB TALDEA
Euskarazko doako plataforma
Urrezko Danborraren omenaldiarekin bat egin eta Moriartiren film sorta eskainiko du gaurtik aurrera PRIMERANek
EITB
Plataformaren katalogoan ikusgai ditugu '80 egunean', 'Loreak' eta 'Handia' film luzeak (azken horrek 10 Goya sari irabazi zituen). 'Lucio' dokumentala eta Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileen film laburrak ere eskura jarri ditu PRIMERANek.
-
"Handia" filma, PRIMERAN plataforman ikusgai
Astelehen honetan, urtarrilak 20, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileen film luze eta laburrekin osatutako bilduma berezia estreinatu du PRIMERAN plataformak, Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak aurtengo Urrezko Danborra jasoko duela ospatzeko. Izan ere, gaur bertan, San Sebastian egunean, Donostiako Udalak urtero ematen duen golardoa jasoko dute moriartitarrek, hirian bertan jaiotako ekoiztetxeak bere lana "mundu osora zabaltzeko" erakutsitako gaitasuna saritzeko.
Hala, EITBren PRIMERAN plataformak bat egingo du omenaldiarekin, Arregi, Garaño eta Goenagaren zinema euskaraz eta doan eskainita. Zehazki, 80 egunean (2010), Loreak (2014) eta Handia (2017) film luzeekin gozatu ahal izango dugu gaurtik aurrera; eta film laburrak ere izango ditugu eskura: Asämara (2008), Urrezko eraztuna (2011), Zarautzen erosi nuen (2014), Berriztagarria (2016) eta Mateoren ama (2019). Lucio (2007) dokumentala ere badago bilduma berezi honetan. Hilabete hauetan zehar euskal zinema onenaren arrakasta handiak estreinatu ditu PRIMERANek, euskaraz; eta, oraingoan ere gure zinemaren aldeko apustua berretsi nahi du.
PRIMERAN doakoa da eta nahikoa da erregistratzea eduki horiekin guztiekin gozatzeko.
