Itxi

EITB TALDEA

Abiatu da filmaketa

"Odol Ilargia", gazteei zuzendutako euskarazko fikzio seriatua sendotzeko EITBren apustu berria

EITB

Elementu fantastikoak dituen thrillerra da, David R. Losada zinemagileak zuzendu eta Bauleukok ekoitzia. Egunotan ari dira grabatzen Basaurin, Galdakaon eta Bilbon, eta 2026an estreinatuko da PRIMERAN plataforman.

2:07
Abiatu da filmaketa

Astelehen honetan, ekainak 9, hasi dira "Odol Ilargia" bost ataleko fikzio berria filmatzen, Bizkaian. Baleukok eta EITBk ekoitzita, publiko gazteari zuzenduta dago eta elementu fantastikoekin osatutako thrillerra da. David R. Losada zinemagilea dugu zuzendaria, eta gidoia ere berak idatzi du, Mikel Alvarez Sarriegirekin batera. Belen Martinezen Cuando reescribamos la historia eleberrian dago oinarrituta.

Telesail berriak lagun talde batek bizitako bi denbora-une zehatz ditu ardatz, bataren eta bestearen artean hamar urteko aldea dagoela (2015 eta 2025). Suizidio baten eta gertaera horren atzean urte luzez isilarazitako traumaren inguruan dabil istorioa. Julen protagonistak argitara atera beharko du guztia. Bidaia horretan, hainbat gaitan jarriko du arreta ikus-entzunezko lanak, tartean bigarren aukerak, adiskidetasunaren balioa eta identitate sexuala.

Antzezle taldean aurpegi gazte berriak aurkituko ditugu; besteak beste, Jon Muñoz, Aritz Kortabarria, Nekane Otxoa, Sambou Diaby, Itziar de Castro, Lier Alava, Asier Valdestilla, Mikele Arizkorreta eta Nerea Sanz. Haiekin batera, eskarmentudun euskal aktore zerrenda ere: Iñigo Aranburu, Iraia Elias, Aitor Borobia…

Aktoreak

Basaurin, Galdakaon eta Bilbon ari dira filamatzen egunotan, istorioan institutua, atletismo kluba, protagonisten etxebizitzak eta espetxea izango diren tokietan.  

Odil ilargia

Zuzendariaren begirada pertsonaletik ikusiko dugu gaztetasunak berezkoa duen ikuspegi subjektiboa, emozioen esparruarekin lotura hain estua izan ohi duen perspektiba hori. Horretarako, gaur egungo hizkera erabiltzearen alde egingo du, erritmo bizikoa. Gainera, musika funtsezko elementua izango da. Besteak beste, Belako eta 2zio taldeen doinuak izango ditugu entzungai, eta bereziki adierazgarria den Elena Setienek konposatutako musika originala.

Estreinakoz ari da David R. Losada fikzioko telesail bat zuzentzen, aurretik La noche del ratón (2015) eta Lady off (2018) film luzeak eta Mosquito (2023) film laburra zuzendu ostean. 

Argazkilaritza Endika Gabilondorena da, eta Sultana del Badal arituko da arte zuzendaritzan. Idurre Cajaraville dugu ekoizle eragilea, eta Katixa de Silva ekoizpen zuzendaria. Alba Lozano, berriz, bigarren unitateko zuzendaritza arduraduna da.

odol