Bilbo
DEUSTUN
Garbiketarako ibilgailuen erabilera aztertuko du Bilboko Udalak
AGENTZIAK | ERRDAKZIOA
Deustun joan den astean izandako istripuaren ondotik erabaki du Udalak garbiketarako ibilgailuen 'ibilbideak, ordutegiak eta motak' aztertzea. Halere, arriskua erabat ezabatzerik ez dagoela esan du.
Bilboko Udalak garbiketa ibilgailuen erabilerari buruzko azterketa egingo du "epe laburrean"; "ibilbideak, ordutegiak eta ibilgailu motak" aztertuko dituzte, bereziki. Joan den astean izandako istripuaren ondoren hartu du Udalak azterketa egiteko erabakia, nahiz eta ohartarazi duen "zero arriskurik ez" dagoela.
Ricardo Barkala Hirigintza zinegotziak eman du berria, istripuaren inguruko azalpenak emateko berak deituta gaur egin den batzorde berezian. 67 urteko emakume bat hil zen urtarrilaren 25ean, Deustu auzoan, garbiketarako udal-zerbitzuaren ibilgailu batek harrapatuta.
Barkalak jakinarazi duenez, egingo den azterketaren helburua, batez ere, ordutegiak eta ibilbideak kontuan hartuta, garbiketa zerbitzuaren beste antolaketa bat egitea beharrezkoa den edo ez erabakitzea izango da. Bestalde, Udalari garbiketa zerbitzua ematen dion enpresak ibilgailuen erabilera zuzenari buruzko jarraibideak jasotzen dituen dokumentu bat helaraziko die langile guztiei.
Kale garbiketarako erratz-makinak erabiltzen jarraituko dutela adierazi du zinegotziak. Horren hitzetan, ibilgailu horiek ezinbestekoak dira egungo garbitasun mailari eusteko, segurtasuna bermatzeari "erabateko lehentasuna" emango diotela gaineratu duen arren.
Azken urteotan jasotako kexen berri ere eman du. 2014tik garbiketarako makinekin lotuta dozena bat kexa jaso dituztela esan du, ia denak zaratagatik.
Gaurko agerraldia zinegotzi karguan egin duen "zailenetakoa" dela esan du, eta gertatukoa azaltzeko "hitzik ez" duela nabarmendu du; "logikarik gabeko istripua izan zen, zentzugabekoa", adierazi du. Doluminak eta elkartasuna helarazi dizkie biktimaren familiari.
Istripuaren inguruko polizia-txostena izan arte, zehaztasun teknikorik ez dutela emango zehaztu du.