Bilboko Aste Nagusia
Polemika
Txupinazioa izango da, baina oraindik ez dago adostasunik
Erredakzioa
Jai Batzordea ez da berriz elkartuko, baina azken ordura arte hitz egiten jarraituko dute.
-
Auzitegi batek Jone Artola txupinera izatea debekatu du. Argazkia: EiTB
Aste Nagusiari hasiera emango dion txupinazoa izango dela baieztatu du Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak, goizeko bilera akordiorik gabe amaitu den arren. Bilboko Konpartsetako ordezkariek ustez, akordioa "gertu" dago eta posible ikusten dute bi aldeak ados jartzea.
"Atzo bezala gaude", onartu du Urtasunek, baina txupinazoa izango dela baieztatu du. Jai batzordea ez da berriz elkartuko, baina azken ordura arte hitz egiten jarraituko dute. Halaber, txupinazora gerturatzeko dei egin die Urtasunek hiritarrei.
Bilboko Jai Batzordea gaur eguerdian elkartu da berriz ere, Bilboko Aste Nagusiko txupina nork botako duen erabakitzeko, auzitegi batek Jone Artolaren izendapena debekatu ostean.
Itziar Villafañez eta Iker Malla Bilboko Konpartsetako ordezkariek akordioa gertu dagoela nabarmendu dute bileraren amaieran. "Lanean jarraitzen dugu, gai honetan ardura dugulako. Akordioa lortzeko denbora dago eta esperantzaz beteta gaude. Akordioa gertu dago eta posible da", gaineratu dute.
Oraindik ez dute adostu 19:00etan nork piztuko duen Bilboko jaiei hasiera emango dien suziria.
Bilboko Konpartsak "EAJ mugara eraman" nahi duela uste du PPk
Cristina Ruiz Bilboko Udaleko PPko bozeramaileak esan duenez, Bilboko Konpartsek "EAJren Udal gobernua mugara" eraman nahi dute, Jone Artola txupinera izateko debekuak piztuta irekitako polemikan. Halaber, alderdi jeltzaleak txupinazoan haren protagonismoa mantentzeko jarrera "bultzatzea" lortu nahi duela azaldu du.
Ruzek esan du Iñaki Azkunaren Udalak "beste era batera ezin den moduan" erabaki judiziala obeditu duela, eta Bilduk balioa eman nahi dion jarrera "antisistema"ren arren, arazoa "nolabait" konponduko duela.