Politika -
Bilboko Aste Nagusia
'Txupinera barik, Aste Nagusiaren funtsezko elementua faltako da'
Bilboko konpartsek deitoratu dutenez, Jone Artola txupinera gabe, "ez dira txupinazoa normaltasunez egiteko baldintzak emango".
Erredakzioa
Bilboko Konpartsak elkarteak ohar baten bidez deitoratu dutenez, Jone Artola txupinera gabe, "ez dira txupinazoa normaltasunez egiteko baldintzak emango".
Hala ere, "konpartsek esfortzurik handiena egingo dute Bilboko Aste Nagusiko ikurrek merezi duten maila izateko", epaile batek Jone Artola txupineraren izendapena bertan behera utzi badu ere.
Gauzak horrela, txupina botatzeko prozesua aztertuko dutela iragarri dute konpartsek; gainera, ez dute errefusatu txupin alternatiboa izateko aukera.
"Guztiek hasieratik Aste Nagusiaz gozateko aukera izatea izango da gure helburua", azaldu dute, "hondatzaile batzuen erruz, guk espero genuen hasiera izango ez dugu arren".
Konpartsek azpimarratu dutenez, "txupinera izateko ez dugu beste pertsona bat nahi, izan ere, Jone txupinera ez izateko arrazoirik ez dago".
Konpartsetako kideen aburuz, "harrigarria da txupineraren izendapena behin behinekoz baliogabetzea, duela gutxi bi konpartsei zigorra ezarri zietelako, eta handik gutxira zigorrak baliogabetu zituztelako". "Eta zigor horiek kalte handiak eragin zituzten", deitoratu dute.
"Onartezina da Aste Nagusiarekin zerikusirik ez duten interesengatik bilbotarrek jaietako ikurrei egindako eraso hau pairatu behar izatea", nabarmendu du Bilboko Konpartsak taldeak.