Bilboko Aste Nagusia
Zezenketak
Aburtok EH Bilduri: 'Bilbon zezenketak izango dira hiriak nahi badu'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko alkateak horrela erantzun dio EH Bilduk egindako kritikari. Koalizioaren esanetan, Vista Alegre zezen plazak 15.000 euroko galerak ditu.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aste honetan EH Bilduk egindako kritikei erantzun die gaur eta adierazi du Bilbon zezenketak izango direla hiriak hala nahi badu. Haren hitzetan, Bilboko Aste Nagusiaren "osagai garrantzitsua" da.
EH Bilduk atzo salatu zuenez, Vista Alegre zezen plaza "negozio txarra" da udalarentzat eta iaz 15.000 euroko galerak izan zituela gaineratu zuen.
RNE irratiari eskainitako elkarrizketan Aburtok adierazi du Bilboko jaien osagai direla zezenak eta uko egin dio eztabaida horri orain ekiteari. Are gehiago, eztabaida hori "modu lasaian" egin beharko litzatekeela uste du.
"Bilbon zezenketak izango dira hiritarrek hala nahi badute eta, herritarrak zezen plazara joaten diren heinean, zezenak jaiaren osagai garrantzitsu izango dira", azpimarratu du. Aburtoren esanetan, Aste Nagusia igaro ondoren egin beharko da aurtengo jaietako zezenketen ebaluazioa.