Herriak eta Hiriak
Lapuebla de Labarca
Gidari bat atxilotu dute, ihes egin eta hiru ertzain zauritu ondoren
Agentziak | Erredakzioa
Autoa zakartasunez gelditu ondoren abiadura handian ihes egin zuen. Geroago, Lapuebla de Labarcako ostalaritza denda batean aurkitu zuten.
Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu du Lapuebla de Labarcan, patruila batek autoa gelditzeko agindua eman ondoren ibilgailuan ausarkeriaz ihes egin eta hiru ertzain zauritu izana leporatuta. Dokumentazioa begiratzeko asmoz, gelditzeko eskatu zioten agenteek.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ostiralean, 14:10ak aldera jazo zen gertaera. Ordu horretan, Ertzaintzako patruila batek gelditzeko agindua eman zion A-3220 errepidetik A-124 errepideko bidegurutzean (Lantziego parean, Araban) hurbiltzen ari zen lur orotako ibilgailu baten gidariari, dokumentazioa ikuskatzeko asmoz.
Agenteen ondora heldu aurretik, autoa zakartasunez gelditu zuen. Jarraian, bidea berrartu zuen atzeraka eginez, eta, hogeita bost metro inguru ibili ostean, ondoko pista batean sartu eta abiadura handian ihes egin zuen.
Orduan, ertzainek atzetik jarraitu zioten, argi-seinaleak eta seinale akustikoak eginez, gelditzeko eskatuz. Alabaina, gidariak ez zien jaramonik egin eta aurrera jarraitu zuen ausarkeriaz El Campillar eremutik.
Hainbat kilometrotan ihesi joan ondoren, beste patruila batzuk batu zitzaizkien agenteei, eta ibilgailua laster aurkitu zuten, Lapuebla de Labarcan.
Gidaria ostalaritza denda batean aurkitu zuten, eta, identifikatu ostean, atxilotzera zihoazela, hiru ertzainei eraso egin zien. Agenteak ospitalean artatu behar izan zituzten gizonezkoak eragindako lesioengatik.
Gauzak horrela, gidabaimenik ez zuela egiaztatu zuten ertzainek, puntuak galduta zituelako. Desobedientzia-delitua eta agintarien aurkako atentatua leporatua atxilotu zuten.