Itxi

Herriak eta Hiriak

Azpiegiturak

Bilboko Udalak hiru igogailu jarriko ditu Santutxun eta Miribillan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Santutxun, Cocherito eta Iturriaga kaleen artean jarriko dituzte igogailuak, eta, Miribillan, Askatasuna etorbidearen eta Juan Carlos Gortazar kalearen artean.

  • Santutxun jarriko dituzten bi igogailuak. Argazkia: Bilboko Udala

    Santutxun jarriko dituzten bi igogailuak. Argazkia: Bilboko Udala

Bilboko Udalak iragarri du hiru igogailu eraikiko dituela "aurki" Santutxu eta Miribilla auzoetan.

Santutxun, bi igogailu jarriko dituzte Cocherito eta Iturriaga kaleen arteko maila gainditzeko.

Goiko igogailuak Iturriaga kalean izango du goiko geralekua, eta Laurencin Markesaren eta Anselmo Guinea Margolariaren arteko bidegurutzera arte iritsiko da.

Ibilbidearen erdialdean izango du geraleku bat, haurtzaindegiaren parean. 65 metroko ibilbidea izango du eta 8,5 metroko maila gaindituko du.

Bestalde, beheko igogailua Anselmo Guinea Margolariaren kaleko zenbaki bakoitien aldean jarriko da, Laurencin Markesaren kaleko bidegurutzean bertan, Cocherito de Bilbao kaleko bidegurutzeraino. 45 metro inguruko ibilbidea izango du 5 metrotik gorako desnibela gaindituta.

20 lagun sartzeko edukiera izango dute kabina biek.

ASCENSOR MIRIBILLA

Miribillan jarriko duten igogailua. Bilboko Udala

Halaber, Miribillan, igogailu inklinatua jarriko dute Askatasuna etorbidearen (Bilbao Arenaren hego-ekialdean) eta Juan Carlos Gortazar kalearen artean.

Igogailuak 54 metroko ibilbidea izango du, 31 metrotik gorako altuera gaindituta. Bi geraleku izango ditu; goiko aldean Juan Carlos Gortazar kalean eta beheko aldean Askatasuna etorbidean.

Igogailua orain dagoen mendi-hegalean jarriko da eta, lanak amaitu ondoren, egokitu egingo dira sortuko diren ezpondak. Kabinak 20 lagunentzako lekua izango du.