Herriak eta Hiriak
Uda
Ireki dituzte Donostiako kanpoko udal igerilekuak
Agentziak | Erredakzioa
Abian da Udalaren kirol instalazioen udako denboraldia. Kanpoko udal igerilekuen kasuan, irailaren 17ra arte egongo dira zabalik.
Donostiako Etxadi eta Intxaurrondoko kanpoko udal igerilekuak gaur, astelehena, ireki dituzte, Udalaren kirol instalazioetan udako denboraldiari ekiteko. Kanpoko igerilekuen kasuan, irailaren 17ra arte egongo dira zabalik.
Paco Yoldi kiroldegiko solarium gunea eta ur-jokoak orain dela bi aste ireki zituzte, eguraldi onari esker. Eskaintza horiek iaz jarri ziren abian, eta arrakasta izugarria izan zuten, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.
Uda honetan, iaz egindako ordutegiak mantenduko dituzte. Igerilekua duten kiroldegi guztiak udako egun guztietan egongo dira irekita, baita igande eta jaiegunetan ere. Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondoko kiroldegiek ordutegi zabalena izango dute asteburuetan eta jaiegunetan, 09:00etatik 20:30era.