Herriak eta Hiriak
Donostia
Nola eragingo dio Donostiako Klasikoak zirkulazioari?
EiTB.EUS
Lasterketa hastearekin bat, Hernani eta Zubieta kaleak, Askatasunaren Hiribidea eta Boulevard Zumardia itxiko dituzte. Azken hori 08:00etatik 20:00etara egongo da zarratuta.
-
Txirrindulariak Kontxatik, Klasikoan. EFE
Larunbatean, uztailaren 29an, Donostia eta Gipuzkoako hainbat herri zeharkatuko ditu Donostiako Klasikoak. Lasterketak hiriburuko zirkulazioari, autobus eta TAO zerbitzuei eta lurpeko aparkalekuei eragingo die.
Donostiako Udalak ohar batean azaldu duenez, ostiralean bertan, uztailaren 28an, ekingo zaio kaleak ixteari. Hala, 11:00etatik aurrera, ezingo da Legazpi kaletik Boulevardera sartu (bertakoak, garraio publikoa eta emergentzia zerbitzuak izan ezik). Bestalde, 17:00etatik 18:00etara, helmugako arkua jartzeko lanak direla eta, zati hori itxita egongo da. Boulevardean gelditzen diren autobus linea guztiak Okendo kalean geldituko dira ordu tarte horretan.
Uztailaren 29an, lasterketaren egunean, Boulevard Zumardia itxita egongo da 08:00etatik 20:00etara, Askatasunaren Hiribideraino.
Lasterketaren irteera dela eta, 11:00etatik 12:00etara Boulevard Zumardia, Hernani eta Zubieta kaleak eta Askatasunaren Hiribidea itxita egongo dira, Antiguarako bidean.
Beti bezala, lasterketa Donostian hasi eta bukatuko da. Klasikoaren iritsieran, hiriko sarrerak tarte baterako itxi beharko dituzte: Ategorrieta, Nafarroa eta Zurriola Hiribideak, Zurriola zubia, Erregina Erregentea, Zubieta, Zumalakarregi (Añorgarantz), Tolosa hiribidea (Añorgarantz), Igara eta Igeldo igoera eta jaitsiera. 15:30etik aurrera etengo dute zirkulazioa. Horrez gain, Igeldo Pasealekurako sarbidea, bai igotzeko eta baita jaisteko ere, itxita egongo da 16:00etatik lasterketa igaro arte.
Donostiako Klasikoak Dbus autobus zerbitzuan eragingo dituen aldaketa guztiak webgunean daude zehaztuta.
TAO zerbitzuari dagokionez, txartela duten guztiek baimena izango dute beraien ibilgailuak Aparkaleku Mugatuko Guneetako edozein sektoretan aparkatzeko, eremu horretarako TAO txartela dutenen baldintza berdinetan, uztailaren 28tik abuztuaren 1era arte, biak barne. Hala ere, egoiliar hauek ezin izango dute euren ibilgailua dohainik aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan (15 eremuko guneetan) araututako ordutegiaren barnean.
Hiriburuko lurpeko aparkaleku publikoetan ere eragina izango du Klasikoak. Boulevard, Alderdi Eder, Zuloaga Plaza, Kontxa, Okendo eta San Martin aparkalekuak itxita egongo dira hainbat orduz, batez ere arratsaldean.
e arratsaldean.