Itxi

Herriak eta Hiriak

Liskar batean

Gizon bat atxilotu dute Donostian beste bati labanaz eraso egiteagatik

Agentziak | Erredakzioa

Gertakariak bart jazo dira, Amara auzoko parke batean. Zauritua Donostia Ospitalera eraman dute.

Gizon batek labanaz zauritu du beste bat goizaldean, Donostiako Amara auzoan gertatutako liskar batean. Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Iturri horren arabera, 03:00ak aldera jazo dira istiluak, Eustasio Amilibia kaletik gertu dagoen parke batean, Amara auzoan. Bizilagunek ohartarazita, Ertzaintzaren patruila bat bertaratu da, eta agenteek borrokan ari ziren bi gizon topatu dituzte; batek, gainera, labanaz egindako zauriak zituen, sabelaldean eta besapean batez ere.

Zauritua, 48 urtekoa, Donostia Ospitalera eraman dute, eta ustezko erasotzailea, 19 urtekoa, atxilotu egin dute. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Lehen datuen arabera, atxilotua parkean zegoen bi lagunekin musika entzuten. Une batean, argitu gabeko arrazoiak tarteko, zaurituarekin eztabaidan hasi, eta liskarra sortu da bien artean.