19:20

Herriak eta Hiriak

Proiektua

Gasteizko Udalak nekazaritza ekologikoarekin osatuko du Eraztun Berdea

Agentziak | Erredakzioa

Besteak beste, 138 zuhaitz (lizarrak, astigarrak eta masustondoak) eta mota ezberdinetako landareak (erkametza, ipurua edota haritza) landatuko dituzte.

  • Eraztun Berdea. Artxiboko argazkia: Jose Antonio Ortiz de Zarate

    Eraztun Berdea (Gasteiz). Artxiboko argazkia: Jose Antonio Ortiz de Zarate

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Gasteizko Eraztun Berdea osatzeko asmoz, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko kudeaketa proiektu bat bultzatzeko lehen urratsa eman du Gasteizko Udalak ostegun honetan. Lehen fasean, lursaila egituratzeko bide bat egingo da Nebera gainean, eta inguruan zenbait landaketa egingo dira.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak jakinarazi duenez, Udalak 225.000 euro bideratuko ditu proiektu horretara. Udalarenak diren lursailak eta jabe pribatuak dituzten beste batzuk erabiliko dituzte. Azken horiek doanik utzi diote Udalari lursailen ustiapena, hamar urtez.

Ekimen horrek nekazaritza eta basogintzarekin lotutako gune berri baten sorrera aurreikusten du, “hiriaren ekialdetik jarraikortasuna emango liokeena Eraztun Berdeari (parke naturalek eta oinezkoentzat zein bizikletentzat egindako bideek osatzen duten ingurumena leheneratzeko plana)”, Urtaranek nabarmendu duenez.

Salburuko urmaeletatik hasitako ibilbideari jarraiki, “nekazaritza eta abeltzaintza gehituko zaizkio Eraztun Berdeari”. Horrela, oinezkoak, bizikletak eta nekazaritzako makineria igaro ahalko da bertarik.

Urtaranek azaldu duenez, “agrosistema ezberdinak Eraztun Berdearen barruan integratzen laguntzea” da egitasmo horren helburua. Inguru horretan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa jartzeko baimenak lehiaketa bidez emango dira. Udalak azaldu duenez, etorkizunean izango dituzten “erabilera eta laboreen arabera proiektatu dira nekazaritzarako lursailak”.

Lurrak “landarezko estalki iraunkorra” izatea da helburu nagusia, “haren ezaugarri agronomikoak zein aprobetxamendua hobetzearren”. Hala, Nebera gaineko goi ordokian bazka-landareak (alpapa) jartzea erabaki da. Gainera, 138 zuhaitz (lizarrak, astigarrak eta masustondoak) eta mota ezberdinetako landareak (erkametzak, ipuruak eta haritzak) landatu nahi dira.

Enpresa esleipendunak izango du lehen bi urteetan landaketak mantentzeko ardura. Besteak beste, lurra landu, ongarritu, erein, landatu, ureztatu eta kimatu beharko du.

Iruzkinak

  • Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena